2011-04-01

92. pasartea

Hurtado de Mendozatarren jauregiak fundizioen hondakinez zikinduriko Urola ibaian murgiltzen zituen horma zaharrak, inguratzen zuten etxe-blokeen erasotik ihes egin nahian bezala. Ur ertzean, plastiko zatiek azken uhandien berri ematen zuten, sastrakan zintzilik, zuri eta urdin; ingurune bortxatuaren gaineko garaipenaren adierazgarri bilakatzen ziren bandera lotsagarriak. Handitasun iraganaren zerbait nabari zen parajean, ordea, armarrien nobleziarekin zerikusirik ez zuen zerbait ezkonkretua, giroari atxikia, zalduntxoen oroitzapena zekarkiona.
Ordu erdia ahitzear behar zuela kalkulatu bazuen ere, ez zen pretil ondotik mugitu, arreta ibaiaren bestaldetik zetorkion haur algarak hartuta. Petardo baten eztandaren ondoren nabarmenagoak egin ziren algarak —”hemen, hemen”, zioen norbaitek— baina ikustezin jarraitzen zuten. Nonbait, bloke haien atzean behar zuen jolastokiren batetik bide zetorren hotsa.
Berarekin ari ziren. Bestaldeko pretil atzetik bekokiak gorde-agerika, esku armatuak luzatzen zituzten sinesmen osoz garrasi-tiroka. Berak ere hatz bat luzatu eta tiroa botatzeko itxura egin zuen —”txakur alue” entzun zen bestaldetik—, baina emakume heldu bat begira nabaritu zuenean, lotsak hartuta autora itzuli eta abiada bizian atera zen.
Zubia pasatu orduko ikusi zuen gasolindegi ondoan. Hark ere urrutitik atzeman bide zuen, edo kointzidentzia hutsa izan zen besoa luzatu eta ordulariari begiratzekoa.
Nolanahi ere, berandu zetorrela adierazi nahiko zuela pentsatuz, gasolindegian geratu zenean, “oraintxe egin du ordu erdi” esaten ausartu zen, zehazki ez bazekien ere. Ortiz de Zaratek ez zuen deus esan, baina berriz ere ordulariari begiratu zion. Beltza zuen uhala, eta elastikoa, baina horregatik ere Iñaki Abaitua ziur zegoen berak emandako huraxe zela, berezko krokodilo larruzkoa aldaturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario