2011-04-03

45. pasartea

Susana bera irizpide berekoa zela pentsatzea —eta, egia esan, Güelleko eszenaz aparte, ez zuen alderantzizko adierazpenik jaso— lagungarri gertatu zitzaion eginkizun horretan. Beren arteko harremanak argiak izan ziren hasieratik, alde batera utzi baitzituen ohiko inguratze estrategia korapilotsuak, eta, inoiz ez bezala, zuzenki, porrotaren beldurrik gabe, portaera bere ustez noblea erabili zuen emakumea konkistatzeko.
Kalean bakarrik ikusi zuen lehenbiziko egunean.
Ezagutu, Diego Suñer bere senarrarekin ezagutu zuen. Institutekoen ospakizun batean aurkeztu zioten bikotea. Gizona kataluniarren hiztegia finantziatzen zuen banketxekoa zen. Susana ez zitzaion apartekoa iruditu; alderantziz, Suitzan eros daitekeen edertasun mailarako, arruntzat jo zuen harena. Beheko ezpainak goikoa, zertxobait besterik ez bazen ere, gainditzeko modua —negarrez hasteko zorian zirudien— ez zitzaion sekula gustatu, eta gainerakoak ez zuen interes handiagorik: begi gaztainkara txiki biziek, sudur harroak, gehienez ere neska polit bat defini­tzen zuten. Ilea oso motza erabili ohi zuen, tankera hartako aurpegi txiki eta biribil bati zegokionez. Gorputzez ez zen hain diskretua, eta estiloa zuen.
Bizpahiru aldiz ikusiak ziren, giro formalean beti, eta jende ugariren artean, Diagonaleko hasieran bakarka aurkitu aurretik.
—Aldatu egin zara; gizendu, beharbada —esan zion ohiko agurtze erabidezkoen ondoren. Erabat serio begiratu zion, goitik behera, luze lehenbizi, eta begiratzeari utzi gabe, oso poliki ibiliz inguratu zuen gero. Susana ez zen mugitu, burua jiratzen zuen bakarrik, bistaz ez galtzeko.
—Ez haserretu, baina gizendu egin zara apurtxo bat.
—Ez da egia, nondik gizendu naiz.
—Atzetik —esan zuen lotsagabeki, ipurtaldera begiratzen ziola. Eta gero, besoak zabalduz— dena den, oso ongi gizendu zara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario