2011-04-04

11. pasartea

Haren afektibitate adierazpenak areagotu egiten zion umore txarra, eta besoen loturaz libratzen ahalegindu zen zakar. Indarka ibili ziren, benetako borrokan amaitzeko itxura zuen jolasean. Baina Ionek barre egiten zuen, normalean biboteak estaltzen zizkion nikotinaz zikinduriko hortz ederrak erakutsiz.
Bizar gristatzen hasiak hogeita hamarretan zebilela salatzen bazuen ere, itxura oneko zegoen, eta ez gazteago ematen zuelako. Hor zegoen, hain zuzen, erakargarritasunaren handiena, hogeita hamar urte inguruko gizon baten itxura zuela, segur, sasoiko eta heldua.
Guztiek maite zuten, eta dena barkatzen zitzaion: bere buruaz aparte beste ezertaz ez arduratzea, “bon vivant” axolagabea izatea, konpromisoa derrigorrezkotzat jotzen zen garaian, gatazka eta tentsio oro irribarrearen xarmaz baliatuz konpondu nahia.
Irribarrerik galdu gabe, besoak zabalduz, libre utzi zuen Iñaki Abaitua, menderaturik zeukan borrokari amaiera emanez.
—Ale txikito, kafea prestatzera.
Zorionaren adierazgarri zen irribarre sano hark bere onetik ateratzen zuen Iñaki Abaitua, problemarik gabe bizitzea munduko gauzarik natural eta bidezkoena zela adierazten zuelako, hain zuzen. Ez zuela kafea egiteko gogorik esan zion, eta ezkutaezina zitzaion haserrea bidezko bihurtuko zuen arrazoi aitorgarria aurkitu nahian, besteengana hurbildu zen hitz egiten ari zirenaz interesaturik, sesiorako aitzakia sumatzen zuelako, beharbada.
Heriotzaz ari ziren berriro. Abelek esana zuen heriotzaren ikara sentimendu indibidualista eta insolidarioa zela, eta Arantxa haurtzaroko esperientziaz ari zen berriro, hil-beilen oroitzapenez, lutoaz, kandelez, zeremonia beldurgarriez, dies irae-en oihartzun ikaragarriaz. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario