Daniel Zabalegik, begietara eransten zaion lauso itxiaren tartetik, ia ez duela ikusten ematen zaigu aditzera, baina entzun, burua hutsik duelako ustea areagotzen dion durundi leun baten distortsioaz aparte, zorroztasun ikaragarriz entzuten duela hotsik txikiena.
Izerdi hotzetan blai sentitzen da, eta aldi berean barrendik sutan, buru barrua batez ere, erretzen baleuka bezala. Zorabioaren iragarpenak dira, noski. Badaki hori, eta barroteei heltzen die badaezpada, zainen inurridura baino sentitzen ez duelarik, eta odol guztia oinetara jausten zaiolako sentsazioa. Zurrunbilo zorrotz bat dabilkio buruan, eta aldez atsegin zaio hutsaren irudipena, airean flotatzen lebilkeela sentitzea.
Baina berriro mintzo da gizona, “tengo la penosa obligación de informarle” errepikatzeko, eta ia ez dio batere ulertzen ondorengo hitz-jarioa. Orduan konturatzen baita besagainean paratzen zitzaion eskuaren hutsuneaz, gauza ulergaitz haiek esplikatzen zizkionaren ausentzia haztatu duenean.
Gogoan du nola “ikaragarri asko oroitzen dira zutaz” esan ohi zion, karteratik paper pila ateraz. “Ikaragarri asko” eta eskua bizkarrean jartzen zion.
Gustuko zuen pentsatzea kartera beltz hura ordu batzuk lehenago Donostian, ezagutzen ez zuen bulego batean egona zela. Dotorea imajinatzen zuen bulegoa, amak, eskatutako maiztasunez ez bazen ere —”abokatuak horretarako daude, zu joan lasai” esan ohi zion berak joan zedin— noizbehinka egiten zizkion bisiten ondorenean emandako zehaztasunen arabera. “Pozten nau zu ikusteak” esaten omen zion amari, esku urduri eta lotsatia —ziur asko hotza— estutzen zionean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario