2011-04-01

124. pasartea

—Presumitzeko esaten duzue, baina ez dira dozena erdi baino gehiago izango —esan eta zeharka begiratu zion, erreakzioren baten bila, jarraitu baino lehen—. Zuk esango didazu zergatik sortu beharko lukeen hainbeste heroi zuen alde horretan. Heroi edo gizajo, niretzat gizajoak baitira. Ez al zaizu iruditzen?
Kamioi bat aurreratzeak arreta guztia eskatu zion. Ongi gidatzen zuen, bizi eta ziur, bere gorpuzkera BMWaren neurriei egokitzen ez bazitzaien ere. Oin puntak ez zi­tzaizkion pedaletara iristen eta abiada aldatzean gorputz osoa makurtzen zuen palanka gainera, besoa aski ez bailitzan.
—Badirudi kontra behintzat inor ez dagoela —erantzun zion azkenean Iñaki Abaituak, eta besoak gurutzatu zituen gaia hartan uzten zuela adierazteko.
Kostako bidetik zihoazen, eta Susanak bakarrik hitz egiten jarraitu zuen. Ez omen zitzaion iruditzen mundu guztia erabat zerbaiten alde edo kontra egon zitekeenik. Alde batetik, arbelezko itsasoa zuten, barne hondartsua erakusten zuten uhinez gurutzatua. Bestetik, udako dorre itxiek, errepideko hautsez estaliriko pinu artean, irudi desolatua eskaintzen zuten.
Ondo sentitzen zen. Susanak itsasoari begira sumatu zuenean, “ederra da, ezta?” esan zion, eta erantzuteko betarik eman gabe, “baina zuena ederragoa, noski”, erantsi zuen. Eguraldia hotza izan den egunetako terrala nabari zen ekialdearen bila. Bere eserlekuan etzanda, han nonbait, bestaldean, Korsikako Ajaccio eta Erroma ondoko Civitavechia zeudela pentsatzeak bidaia zahar baten nostalgia ekarri zion.
—Hau ere oso ederra da —esan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario