2011-04-03

81. pasartea

Berak ez du ukatzen. “Bozaten, agoteen artean errefuxiaturiko medikuren baten hazia, beharbada”. Berriz ere irribarrea, gizonak bere inguruko animaliekin duen antz morfologikoa aipatzerakoan, eta semiten sudurrak eta ezpain eroriak gamelu eta dromedarioen mutur jitearekin duten antza jartzen ditu adibidetzat.
—Zeintzuk dira bi korkobadunak —galdetzen du—, gameluak ala dromedarioak? —eta bekokia igurzteko moduagatik dudak benetan kezkatzen duela esango litzateke—. Dromedarioak ere gameluak dira azken batean: camellus dromedarius Afrikakoak, eta besteak... —besagainak altxatuz, gogoratu ezina adierazten duen zeinua.
—Ama eta zerraldoa, psikoanalisiaren binomio klasikoenetakoa, Eros eta Tanatos bezala. Lerdokeriak —irribarretsu.
Erudizioa erakuts dezakeen baiezpen baten ondoren, garrantzia kentzeko asmoz, “lerdokeriak” esan ohi du, “ergelkeriak”. Gero, zerbaitetaz oroitu dela adierazten du, hatz erakuslearen puntaz bekoki erdian kolpeka:
—Bada Mahler-en lied bat, Des knaben wunderhorn, zoragarria —alemaneraren ahoskera areagotuz—. Ama eta zerraldoa hor ere. “Eta azkenean ogia egosi zenean haurra zerraldoan etzanda zegoen”.
Farola baten argitasun horixkak barrengo iluntasuna areagotzen duelarik, J.J. Lasari mahai gaineko lanpararantz doakio eskua. Une batez airean uzten du, ordea, egindako mugimenduaz damu bailitzan, baina etengailuari ematen dio azkenean.
—Zertaz ari ginen?
Ilunpearen epeltasunean mamituriko gogoetak bertan behera utzi beharraren disgustua erakutsiz galdetzen du. Betazalak zuriago ageri ditu betaurrekorik gabe, baina ez du miope batzuek izan ohi duten moteltasunik begiradan. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario