2011-04-04

7. pasartea

Berak izan zuen damurik gehien. Isilune luze baten ondoren, eta erretzailea ez izan arren, zigarro bat eskatzea izan zuen aitzakia eskua Iñaki Abaituaren besagainean ezartzeko.
Abelen iritziak ez ziren eztabaidatzen, militantearen estatus morala irabazia zuenez. Hala eta guztiz ere, Iñaki Abaituak zerbait esan ahal izan zuen arrantzontziaren garapenari buruz; berekiko ari bailitzan, traineru zaharrak egungo makina boteretsua bihurtu arte izandako bilakaera armoniatsua aipatu zuen, izaki bizidunen garapen naturalaren parekoa.
Baxurako ontzigintzaren bilakaera armoniatsuaz hitz egiten jarraituko zuen Klara, Juliaren alaba, atean negar-zotinka azaldu ez balitz. Guztiak hurbildu zitzaizkion kon­tsolatu nahian; guztiak, Iñaki Abaitua izan ezik. Iñaki Abaituak ez zekien haur bati hitz egiten, are gutxiago negarrez bazegoen. Gauean haurrak negarrez esnatzen dituen bakardadeak ikaratzen zuen bera ere.
Kanpora so geratu zen. Ur dirdaitsu, ilun, dentsoa bigunki irristatzen zen marea beheran, bikea bezala; fokuen argipean kea zeriola, irakiten zirudien. Egun hartaz idatzi izan balu, zoriaren eta halabeharraren arteko simetria joycearra azaltzeko zuen gustu neurriz gainekoa zela medio, itsasontzi berde eta urdin haietako baten kubiertan deskarga lanean ziharduten marineletako bat Daniel Zabalegi zela esango zukeen.
Daniel Zabalegi. 1942. urtean jaioa. 1.70 luze, 84 kilo. Hamabost irabaziko zituen atxilotu zutenetik epaitu arte igaro ziren zortzi hilabeteetan; baita atzera galdu ere, pelotoi aurrean bista finkatzeko magnolia adar bat aukeratu zuenerako. Ardo koloreko angioma batek estaltzen zion eskuinaldeko masaila, begi ondotik ezpain ertzera. Hortik zetorkion “muturbeltz” goitizena. Haren sumarioan azaltzen ziren poliziaren informeetan hainbat aldiz irakurri ahal izango zuen bezala, “beste ezaugarririk ez”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario