2011-04-03

83. pasartea

Onartze umil hori du Daniel Zabalegi haurrak zalditxoetan, almendra eta sagar gozatuen azukre errearen usainak, ferianteen jardun ulertezinak eta haur algara ozenek inguratuta, ama agurtzeko besoa altxatzen duenean. Pozik, badakien arren ez direla buelta asko izango. Kaskabilo musika astirotu egingo dela, zalditxoen abiada mantsotu, nagiagotu haien gora eta beherak, eta txirrinaren hots izugarriak iragarriko diola amaia: “Eta amaren aurpegia bilatzen zuen, negarrik gabe, bai baitzekien bidaia amaitzear zela eta alferrik zirela malkoak”.
Daniel Zabalegiri heriotza bidean daramatenean gogoratzen zaizkion irudiak dira. Zalduneriaren etorrera adierazten duen musika oparoa, filmaren amaiera ezinbestekoaren iragarpen diren txirrin hots ikaragarriak hor ere, eta pantaila zuria, igande arratsalde ahituaren beztidura. Zangoak aulki azpian luzatuz, oinetako txikiegien bila ahalegintzen zen, eta salako argiak pizten zirenerako jantzita edukitzen zituen.
Heriotzaren bidean patata saila dirudien larrean zehar daramatenean, berriz, sokil lehorrak zapaltzen ahaleginduko da oinetakoak ez zikintzearren, inguratzen duen goardia zibil taldeak, beren bota beltzen garbitasunaz arduratu gabe, zuzen ibiltzera behartzen badu ere, eta azkenean, zutoinera lotuta dagoelarik, makurtu egin nahi luke oinetako baten punta zikintzen duen lokatz zipriztina garbitzeko.
“Dendan zeuden hoberenak” esan zion amak kartzelara eraman zizkionean. Eta berak ezin gorde izan zuen ez zuela merezi esateko gogoa. “Erabili ahal izango ditudanagatik” esan zuen. Baina orduan, artean, fantasiaren hegaletan A-ko plazan ikus zezakeen bere burua, herri osoaz inguratua, Amiletxe, Jon Zelai eta kartzelatik irtendako beste hainbati harrera egin zietenean bezala. Bera oinetako beltz muturluze haiekin, beso biak altxatuz, jendea txaloka, mundu guztia bizkarrean maitekiro txapaka, eta ez ziren falta neska gazteen begirada adierazgarriak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario