Gogorrak eta menderagaitzak dira lokarri berriak, eta bi, agian hiru korapilo eskatuko lukete, baina bide batez mordoilo geratzen da oinetako gaina hiru korapilorekin. Hori pentsatzen du. Eta kontua jantzi, lotu, eta pauso batzuk ematea besterik ez dela izango. Ehun, berrehun metro gehienez, guztia amaitzeko.
Antzeko zerbait esan zion kapilauak. “Ya has andado tu camino, ahora sólo te queda encomendarte a Dios”. Eta berak garai hartan A-ko erretorea zen Inazio Mujika Iraola eskatu omen zuen. Inork ez du jakingo, galarazi egin baitzitzaion sarrera —apaiza nahi izanez gero, han zegoela bertakoa—, aitortzeko asmoz eskatu ote zuen, kapilauaren presentziaz libratzeko aitzakia gisa, ala herriko norbait nahi zuelako ondoan. Jakiteak ere ez luke interes handirik.
Kamastran etzanda agertzen zaigu, inguruko objektu bakanen artean kartzelako kutsaduraz libre legokeen zerbaiten bila. Gehienek dakarkiote, ordea, kartzelako bizitzaren oroitzapena, eta etxetik jasotakoek ere ozta-ozta gordetzen dute kanpoko erreferentzia urruna, betidanik lau horma haien artean egonak bailiran. Eta beharbada gehien maite dituenak han bertan ezaguturikoak dira, han jaioak; nahitaez presondegiko bizitzaren oroitzapenei loturikoak, beraz. Amiletxek Cádizera transferitutakoan erregalatu zion eskuz eginiko pontxo zuri-gorri-berdea, adibidez. Besteetatik, Garbiñe lehengusinaren postala du gauzarik maiteena, udaberrian txoriak leihora bezala, negu gorrian heldu zitzaiona —zigor-ziegatik irten berria zen goiz batean, eta kartazaletik atera behar izan zioten hatzak izozturik zituelako— baina hark ere txintxeta berarekin josita egondako dozena erdiren bat zeldaren oroitzapena zekarkion.
No hay comentarios:
Publicar un comentario