2011-04-01

112. pasartea

Jaso zuen goizeko poza, hatz odolgabeak, lagunen adar-jotzea, emakume batek igorria zelako.
—Eta frantsesa gainera —esaten zuen berak seiluak erakutsiz.
Donibane Lohitzuneko bista bat da. Portua —“au fond, le palais de l’impératrice”— baxurako itsasontziak lehen planoan, eta zerumugan hodei laranja-koloreak argi printzek zeharkatuta. Testua mojetako letra mokodunez, maiuskula apainduz, Daniel Zabalegik hainbat maite duen euskara dotore eta garbian idatzia.
“Donibanetik maitasunez, zuk dakizun ikurraren azpian”, eta gero, gogokoen duena, Jakin-ek harpidedunei bidaltzen zizkien gutunetatik ikasiriko despedida: “ez adiorik. Garbiñe”.
Ingurura begiratzen du, beraz; azken hamar hilabeteetan lagun izan dituen objektu bakanei, bere existentziaren lekuko urriak diren ondasunei. Inbentario errazegia Donibaneko postalaren eta Amiletxeren pontxoaren bitartekoa: konketa gaineko brotxa eta bizarra kentzeko aitzurra; Auspoako liburu zenbait eta Xalbadorren Odolaren Mintzoa; Daniel Zabalegi bera, lastozko sonbreroz, zapia lepoan, 69ko Andramarietan karabina batez apuntatzen agertzen den erretratua, tiroan irabazia.
Zeldako sabaian laburtuz doan argitasun laukiak gauaren hurbila adierazten dio, ilunabarreko koloreen heldutasunak hotsen kadentzia ere apalagoa egiten duen unea. Eta gogora datorkio nola ordu horretan, Zumaiatik A-rako bidean, udako arratsalde batzuetan, mendiek eta zelaiek eta itsasoak urre kolorez estaliak diruditen, eta bihurgune batetik irteterakoan Arroa Goikoa pinudi beltzez inguratua azaltzen den belardi horiztatuen gainean, ipuin batetik aterata bezala.
Gero, Iraetan sartzerakoan, errepideraren alde bietara lerrokatzen diren parrilei darien baratxuri usaina, eta ikatz errearena. Sagardoaren bitsa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario