2011-04-04

26. pasartea

Ion Igartuak begi biribilez begiratu zion laguntza eske, baina orduan berak dastatu zuen laguna larrialdi hartan abandonatzearen plazerra. Zigarro bat piztuz, zangoak gurutzatu zituen. Ohiturik zegoen politikaren topikoetatik sexualitatearen topikoetara bideratze hartara. Bazekien mediterranearren sentsualitatea eta euskaldunen misoginia konparatzen hasiz gero, azkenean zeruen urdina eta grisa kontrajartzera joko zutela, eta ez zuten dezepzionatu.
Rambletako koloreetan, airean, begiradetan ageri zen sentsualitateaz mintzatu zen eseak azpimarratzeko moduagatik euskal jatorria ezin ukatu zitzaion neska batek. Eta Ion Igartua bere buruaren alde egin beharrean sentitu zen. “Uste nuen ez zitzaizuela gustatzen desiraren objektu huts sentitzea” esan zuen baldar, hitz-totelka ia. Eta neskak baietz erantzun zion, gustatzen zitzaiela, eta berriro ere, aldez aurretik jakiniko jolas batean bezala, gainerakoek esaldiak kateatzeari ekin zioten: “Baina zuek udaberria antxoak papilotean jaten ematen duzue”, “udan marmitakoa” beste batek, “eta udazkenean ehiza”, “eta neguan...”, momentu batez isilik geratu zen azkena, garaiko plateraren bila, urtaroen kontua eramateko eskuan hatz bat seinalatzen zuela, eta gero airean astindu zituen biak. “Kontua da ez zaretela enteratzen”, eta barre-algaraz hasi ziren denak.
Ion Igartuak laguntza eske begiratu zion berriro, eta bera atzera Eduardo Ortiz de Zarateganantz bueltatu zen. Betikoan zegoen. Ez zirudien hizpide hura axola zitzaionik. Zertaz ari ziren ulertzen ote zuen ere etorri zitzaion gogora. Baina lehenbiziko aldiz aurkitu zituenean, haren begiek pentsamendua irakurtzen ziotela otu zitzaion. Gerora, goizetan batez ere, ohean etzanda “nahi baduk, piztu dezakek argia” esaten entzun zionean, sarritan izango zuen irudipen hura. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario