Makina itsusi eta zehatz hark egunean pare bat minutu aurreratzen zen urrezko omega zaharraren oroitzapena ekartzen zion, eta bide batez, Eduardo Ortiz de Zarateri gerta zekiokeenaren kezka.
Galdetzekotan zegoen ea irratirik ez al zuten, Susanak “nolakoa zaren, euskaldun lotsatiarena egiten beti” esan zuenean.
Coll del Portelleko eztabaida gertuegi zegoen isilik irauteko. “Aizkolariz mozorroturiko marisukaldeak” esana zuen norbaitek han.
—Oraintxe puntuan esan duzu gorroto dituzula gainera salto egiten dizutenak.
Jarrera baten eta bestearen artean bazegoela tarte bat erantzun zion, kexati.
In medio virtus. Figura berri baten bila saiatu zen. Perrexil xehatzaileak, euskaldun pilpilariak. “Lotsatiarena egiten ez, lotsatia naiz” esan zuen azkenean.
—Hala ere, nahi duzunean.
Bazekien zertaz ari zen. Atsegina zitzaion berari ere emakume bat zuzenki, ingurumaririk gabe, besoetan hartzeko ausardia izan zuen aldi bakar haren oroitzapena. “Gizendu egin zara” esan zionean. Hasieran ausardiak ez, baldarkeriak bultzatu zuen bi hitz formal gurutzatu ondoren “zertxobait gizendu zara” esatera.
“Baina oso ondo gizendu zara” erantsi zuen gauza konpondu nahian, “leku aproposean, esan nahi dut”. Baina Susanak berak ematen zion bidea, barrez, eskuak aldaketan jarrita. “A bai?, eta non gizendu naiz?” galdetu zion. Eta gero aldaketan behera irristatu zituen eskuak vamp baten antzera. Eguerdiko hamabiak edo hamabi eta erdiak izango ziren, eta Diagonaleko trafiko ugariak inguratzen zituen.
Susanak askotan gogorarazten zion egun hura, bere inozentziaz aprobetxatu zela aurpegiratuz, auskalo zergatik, gajo itxura egin nahi izaten zuenean. Baina berez, Iñaki Abaituaren moztasunak ateratzen zuen bere onetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario