2011-04-04

30. pasartea

J.J. Lasak Savinelli pipa italiarretan erretzen zuen batez ere. Arratsaldea ahitzear, inguratzen zituen Capstan gozoaren kea mingots bilakatzen zen hoztutakoan, isilune gero eta luzeagoak betetzeko esaten zituzten hitz bakanei gertatzen zitzaien bezala.
Belarriak arretaz jasotzen zituen argitzalean zabaltzen ziren soinu ordura arte oharkabeak: besaulkian posturaz aldatzerakoan larruari zerion kexa, edo, noizbehinka, urrunetik zetozkien hots etxetiarren oihartzuna.
 Iñaki Abaituak “beraz, nire fijazioa orala litzateke” txantxetan komentatzen duenean, “ziur asko, bai” erantzuten dio J.J. Lasak, pentsakor eta serio, diagnostiko bat egiten ari balitz bezala.
Euskaldunen genitalitate eragotziaz mintzatuko zen gero, eta horren ondorio izan daitekeen oralidadeaz.
—Beharbada, hor datza euskaldunok jateko dugun zaletasun neurriz gainekoaren esplikazioa. Sabela emakume haurdunaren neurrira gizentzea lortzen dugun arte. Libreki espekulatuz, trabestismo era ezkutuko baten adierazgarri litzateke.
Hain zuzen ere, pontxo berdez jantziak esplikatzen zuena:
Bueno, yo lo he debido de leer en alguna parte, y seguramente es pura especulación —esan zuen norbait iraintzeko beldurrez—. Alguien, no sé quien, decía que el hombre vasco se refugia en la sociedad huyendo de la mujer pero, precisamente para, poniéndose el delantal, asumir roles que son tradicionalmente femeninos.
Zigarro bat pizteko denbora hartzen du, eta bitartean inork ez dio isilunea ebakitzen. Badaki guztien interesa hartu duela.
Una forma peculiar de travestismo que estaría en relación con una sexualidad cuando menos peculiar.
Berriro ere algarak.
No me digas que no lo sabías.
No lo sabía, de verdad.

31. pasartea

Arratsaldea ahitzen zenean, artean luzaroan irauten zuten argitzalean, azkenean J.J. Lasak mahai gaineko flexoa pizten zuen arte. Orduan pipa garbitzen zuen. Ez zen metalezko garbigailuak erabiltzearen lagun, eta zurezko pospoloez baliatzen zen.
—Gure mutilzahar euskaldun horrek aingeru mota berri bat inspira zezakeen—, dio usain garratz eta bortitza darion tabako bustia hautsontzian hustuz. Iñaki Abaituak gizon tripandi bat imajinatzen du, oihal leun batek bi izterrak gurutzatzen dizkiola, esku altxatuak otoitzerako elkarturik eta, Murillorenak bezala, hodei zuri batean zangalatrau eserita. Ezin izan dio barreari eutsi, une horretan J.J. Lasak, tinko, “tristea da” esaten badu ere.
—Tristea da —esaten du, eta sexurik ez izatera kondenaturiko gizonaz mintzo da.
Samurtasunez ari da, ahapeka hitz eginez, arreta handiz aukeratzen dituen hitzak erabiliz. “Lagunentzat afariak prestatzeaz aparte, maitasun azalpen oro eragotzi zaiona”, adibidez.
Hamaika Pauso-ren pasarte batean Daniel Zabalegi bere adiskideei afaria ematen azalduko zuen, urduri, amorante baten baietza itxaroten bezala haien iritziaren zain, eta oso ona dagoela esaten diotenean, irribarre egiten du erabat pozik, haur saritu baten antzera.
—Zertaz egiten ote dute amets gure mutilzaharrek —dio J.J. Lasak, flexoa pizteko besoa luzatuz.
Galdera hori zuen gogoan, pontxodunak berriz ere ezin sinets zezakeela ez zekienik esan zionean, oso ezaguna zela euskaldunen oralidadeari buruzko teoria bere ustez hain interesgarria.

32. pasartea

Azkenean, zin egiten ziola esan behar izan zion, zakar, zangoak gurutzatuz, haren eskua eta neskarena deslotzera behartzen zituelarik, ez zuela ezagutzen, baina erabat interesgarria iruditzen zitzaiola berari ere.
—Oso interesgarria.
—Erabat interesgarria —esan zuen erizainen ohiko galtzerdi eta oinetako zuriak zituen batek ere. Nork esan behar zuen aizkolari gorputz mardul haietan maritxuen bihotz samurrak gordetzen zirenik. “Baina hori bai”, baiezko keinu nabarmenak egiten zituen buruaz, umeentzat ipuin kontaketan ari balitz bezala. “Hori bai”. Eta puntuan ari bailiran jarraitu zioten gainerakoek: “Lumak jartzerakoan ere diskretuak”; “peinetarik ez, hori ez”, eta ezetz buruarekin; “mantala bai, hori bai”, hitzak keinu nabarmenez lagunduz beti, eta horrela jarraituko zuten Ion Igartua oihuka hasi ez balitz.
—Marikoiak bai, baina lagunak etxera datozkigunean ez ditugu botilak ezkutatzen —esan zuen kopa hutsa eskuan altxatuz. Eta orduan pattar gehiago eskatzeari ekin zioten, “pa-ttar-gehiago”, txaloka, manifestaldietan bezala.
Kopa gehienak hutsik ageri ziren lurrean, eta Iñaki Abaituak, bere janzkeraren formaltasuna zela medio, edo leku ohorezkoan eserarazi zutelako, mezenaz papera onartzera beharturik ikusi zuen bere burua. Aulkitik altxatu eta gela gurutzatu zuen, gorputz etzanen gainetik saltoka, eta ate ondora iritsi arte ez zien bere asmoen berri eman.
“Koinaka erostera noa” esaterakoan, orduantxe esan zuen Eduardo Ortiz de Zaratek, bere ahots sakon eta urratuaz, “zurekin noa”, edo “banoa ni ere”.

33. pasartea

Kalera irten bezain laster galdetu zion ordua lehenbiziko aldiz. Gero, ia ez zuten hitzik egingo tabernara bidean. “Ez duk idiota horientzat koinaka erosterik pentsatuko” esan zion, baina ordurako taberna desitxuroso hartan zeuden.
Iñaki Abaituak ez zion erantzun, besagainak altxatu besterik ez zuen egin, eta besteak bi Torres eskatu zituenean, “hamar”, erantsi zuen berak, “Torres hamar, mesedez”. Eskaria egin bezain laster damutu zen, harrokeria edo nabarmentzeko desiratzat har zezakeela pentsatuz, eta berehala “bizioak zain ditzagun” esan zuen, irribarrea entseiatuz, “ahalik eta ondoen”, lagunkiro bizkarrean jo­tzen zuela, txantxetan ari zela erakusteko. Gero, bizioari eta kontsumoari buruz zuen teoria pertsonal bat esplikatu nahian nahasi zen, ziur asko gizon hari inpresio ona emateko zuen desira ulergaitz bategatik, epe laburrean bere argitasuna erakutsi beharrak naturaltasunez hitz egitea galarazten ziolako. Laburki, esan nahi zuen bizioek, fintasun minimo bat ez izatekotan, ez dutela merezi.
—Elikadura beharrezkoa da, eta estuasun batean edozer gauza jatera beharturik egon zintezke, baina alkohola eta tabakoa onak ez badira, hobe da ez edatea eta ez erretzea. Pattar merkea edatea...
Esaldia amaitu gabe utzi zuen, neurri batean besteak jaramonik egiten ez ziola iruditzen zitzaiolako, eta bere jardunak gogoko ez zuen harrokeria nabarmena azaltzen zuela ohartu zelako ere bai.
Haren arretarik eza egiaztatu zuen, ez baitzion eskatu esaten ari zena amaitzeko. Isilik, elkarren ondoan, marmolezko mostradorearen kontra, edateari ekin zioten, eta dendariak euskaldunak ote ziren galdetu zien arte ez zuten ahorik zabaldu.

34. pasartea

Orduan, galderari erantzuteko egin zuen “bai” murritzak ezpainetan zabalduriko bideaz baliatuz:
—Bueno, ni Iñaki Abaitua naiz —esan zuen.
Baina besteak ez zion erantzun. Eta portaera horrek ez zuen zentzu handirik, biharamunean, ezer galdetu gabe, “ni Eduardo Belarte naiz, Gasteizkoa” esango baitzuen.
Ez zuen jakingo Belarte hura faltsua zenik, harik eta, hurrengo udan, egunkarietan haren argazkiaren azpian benetako izena ikusi zuen arte. “ETAko buruzagi bat hauteman dute Madrilen”, zioen titularrak, eta askotan gertatu ohi den bezala, ez zen oso ondo ulertzen albiste haren nondik-norakoa.
Ez zegoen argi, esate baterako, nola konpontzen ziren komandoak hautemateko, hautematen bazituzten zergatik ez zituzten preso hartzen, eta, nolanahi ere, zertarako ohartarazten zituzten.
Ezer esan gabe, burua oso atzera botaz kopa ahitzen dakusa, eta nola hustu eta gero kopa hondora begira geratzen den, hutsik ikusteaz harriturik bezala. Isiltasuna euskaraz hitz egiteko ezintasunak edo zailtasunak eragiten diola bururatu bazaio ere, berehala baztertzen du hipotesi hori, etxetik irtendakoan “ez duzu idiota horientzat koinaka erosterik pentsatuko” entzun dionean, inongo eragozpenik gabe esan duela gogoratzean. Hain zuzen, berriz ere ordua galdetzen dionean, “ze ordu da ala zer ordu da?” erantsi du erantzuteko denborarik eman gabe, zer-en errea azpimarratuz.
—Ze ordu da, errazago.
—Bueno, ba zer ordu da orduan —berriro ere errea gehiegituz.
Laurak eta hogeita zazpi minutu badira ere, lau eta erdiak direla erantzuten dio.
—Alde egiteko ordua.

35. pasartea

Kopa kolpe lehor batez mostradore gainean utzi ondoren, atera hurbildu da. Han, itzuli gabe agur egin dio, esku bat oso poliki besagaineraino altxatuz, eta Coll del Portelleko asfaltaturik gabeko galtzada okre hautseztatuan behera ekin dio.
1973ko urriaren hamabosteko laurak eta hogeita zazpi ziren. Lurrinaren eta eguzkiaren distiraren eraginez, kaleko irudiek bihurrituta ziruditen, oinaze mutu batek sastatuta bezala.
Zigarro bat piztu zuen Torres botila egunkari paperean biltzen zioten bitartean. Torres 5 eskatu zuen, zaharragoa eramatea handikeriatzat hartuko ziotelakoan. Hala eta guztiz ere, Ion Igartuak sartzen ikusi bezain pronto “eta esango dute ez dugula burgesia nazionalik” bota ondoren, guztiak adar-joka arituko zitzaizkion botila husten zuten bitartean.
Baietz, euskalduna zela errepikatu behar izan zion dendariari, eta egun gutxitarako zegoela Bartzelonan. Gero beste Torres 10 bat eskatu zion, apaletan ezer hoberik ez zegoela egiaztatu ondoren. Lasaiago sentitzen zen, nahiz eta artean eskuak izerdi likinetan izan, bizioari buruz botatako diskurtso petralak merezi zukeen erantzunaren zain pasatua zuen momentu txarraren ondorioz. Mila eratara baitzegoen erantzutea gero eta petralagoa iruditzen zitzaion jardun hari. “Kontua gibela izorratzea bada, pozoia zenbat eta txarragoa izan, hobe” esan ziezaiokeen Ortiz de Zaratek, adibidez. Baina ez zuen ezer esan. Ate ondoan, itzuli gabe esku bat oso poliki besagaineraino al­txatuz, “adeu” murritz bat besterik ez, eta kontrargitan desagertu zen.

36. pasartea

Biharamunean Catalunya plazan ikusiko zuen, Plaza kafetegira bidean zihoalarik. Beti hantxe biltzen zen Susa-narekin, ez baitzion sekula Bartzelonan turista izateari utzi, eta bi plazen erreferentzia oroiterrazena egiten zitzaion.
Abelek eta Ionek esana zioten kafetegi hura poliziaren kobazuloa zela, baina Susanarekin zegoenean susmo guztietatik libre sentitzen zen, hari zerion burgeskume kutsuak babestua. Urrunetik nabari zitzaion politika ez zuela bere ardura nagusia.
Hain zuzen, ardura falta haren ondorio bide zen nolabaiteko konfiantza edo naturaltasuna, arazo bilakatu zen ia-ia behin, kafetegi hartan bertan. Udako traje beis eta urdinez eta betaurreko beltzez hornituriko gizonezkoei so, beste esatekorik ez zuelako beharbada, komisaldegiko kafetegia zirudiela komentatu zion ahapeka. Susanaren erantzuna, ustegabekoa izateaz gain, ozena izan zen batez ere. Galdetu zion ea zer pentsatzen zuten —bat-batean plurala erabiliz—, poliziek beraietaz arduratzeaz aparte beste zereginik ez zutela? “Iraultzaileetara jolasten zareten esnob batzuk zaretela jakingo ez balute bezala”.
Iñaki Abaituak ingurura begiratu zuen, urduri, Susanak berean jarraitzen zuen bitartean —”esnob batzuk, jakin nahi baduzu”— eta, konbentzitzea kosta bazitzaion ere, azkenean ezer eskatu gabe irtetea lortu zuen, Susanaren ipurdi oparoarentzat baino begirik ez zuten indibiduo bel­tzaran eta bibotedun haiek ireki zieten bidean zehar.
Hala ere, Plaza kafetegian elkartzen jarraitu zuten, eta goiz hartan ere hara bidean zihoan Eduardo Ortiz de Zarate Telefónicako atean ikusi zuenean.