2011-04-01

99. pasartea

Irribarre egitera beharturik sentitu zen bera ere, eskuartean galtzerdiak bihurritzen zituela “ez nauk mutiko txarra” erantzutean. Ikaragarri itsusiak iruditzen zitzaizkion, eta hala ere ziur zegoen dendariak horixe esan ziola, bazekiela haiek aukeratuko zituela. Gogoan zuen haren eskuak oso zuriak zirela, txikiak sobera, eta haur-eraztun zigiludun bat zeramala hatz txikian. Baina ez zen aurpegiaz oroitzen.
Zutik iraun zuen une batez, gelatik nola irten asmatu ezinik, eta azkenean, Bartzelonara berak eramango zuela esan zionean, egoera hartatik libratzeko asmoz esan zion batez ere.
—Nik eramango zaitut Bartzelonara —esan zuen, edo “egingo dut zu Bartzelonara eramateko bidea” beharbada, ordurako erabakia baitzuen egiteko hura Susanari eskatzea.
Isilik iraun zuten luzaroan elkarri so, ikusten ziren lehen aldia bailitzan, Ortiz de Zaratek “asko eskertuko dizut” esan zuen arte. “Benetan eskertuko dizut, baina gidatzen ikasi beharko duzu” erantsi zuen gero, eztarrian trabatu eta gorputza bortizki astintzen zion barre-algaraz. Apoplejiaren mugan zirudien halakoetan. Bekokia gurutzatzen zion ebatondoa odola bezain gorri ageri zuen, eta Iñaki Abaitua beldur izaten zen berriro urratuko ote zitzaion. Lehertzen imajinatzen zuen, eta odola beraren kontra isurtzen zela.
—Banoa —esan zuen pentsamendu hartaz libratu nahian, eta galtzerdi berdeak erakutsi zizkion egitekoa amaitu zuela adierazteko, baina zutik geratu zen, alde egiteko haren baimenaren beharrean bailitzan. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario