2011-04-04

16. pasartea

Bere gorputz osoari zerion amatasuna: bular beteei, sabel ilunari... bere entrega mendekoari. Lehenbiziko gauean —”ene laztana” esan eta begiak heze ageri zituen, argiz beteak— etsipenez onartu zion bere eraso agian zakarregia, baina gero “minbera ditut” kexatuko zen, bular bat, haurrari titia emateko bezala, hatz erakuslearen eta luzearen artean hartzen zuela. Orduan sentitu zuen lehen aldiz inhibizio deseroso eta bide batez paradoxikoa, normalean desira izaten baitzuen nahasbide.
Sentimendu hark min emateko gogoa eragiten zion, eta asmo hori zuen, Juliak burua alde bietara mugituz “ikaragarria zara” esatean, berak “ikaragarria hau da” ihardetsi zionean. Besoa harengana luzatuz, “ikaragarria hau da” esan zuen, “hau” beso aurreratua bestearen eskuaz atximurtzen zuela, “ur berde nazkagarri bihurtuko dela jakitea”.
Julia ez zen hunkitu, ordea; luzatzen zitzaion eskua bereganatuz, pretil ondora eraman zuen, eta bidean magnoliatik hartutako lore bat eskaini zion irribera. Baina Iñaki Abaituak ez hartzeko zeinu nabarmenak egin zituen. Ba al zekien biharamunean zimelduko zirela-eta lorerik hartu nahi izaten ez zuen neskatoaren historia?
Juliak ez zekien, eta ez zuen entzun nahi. “Ikaragarria da nola inspiratzen zaituen paisaiak”. Aldakorra zen haizea, eta Jaizkibel aldeko lurrina nagusitzen zitzaion itsasokoari.
—Ez al da ederra —esan zuen gero Juliak.
—Ez, ez da —erantzun zion irribarretsu, txantxetan ari zela adierazi nahian.
“Pintura bat baita Hondarribia Espainiako tapan / oleografia bat konfiturazkoa” erantzungo zukeen bertsoa jakin izan balu. Garai hartan, ordea, Iñaki Abaituarentzat Unamuno ez zen aurreiritzi bat baino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario