2011-04-03

43. pasartea

Altxatu eta alde egitea desiratzen bazuen ere, ez zekien nola, hezur-giharrak kontrolatzeko ezgai. Horrela imajinatuko zuen Daniel Zabalegi kaperatik irteten den eszenan, aurrean beltzez edo urdin ilunez jantzitako norbait duela. Norbait horrek ukabilak estu, eskuineko hatz erakuslea libre uzten duelarik —beharrezko balitz, norabide bat seinalatzeko prest bailegoen— eta, oharpen modura, eztarria garbitzeko moduko eztul txiki bat egin ondoren, bekainak jasotzen ditu, eta kokotsa ere apur bat goratzen zaio, aulkitik altxatzeko agindua beste interpretaziorik onartzen ez duen keinu ezdeus baina adierazgarri batez.
Lloro por nada —dio Susanak, begiak lehortuz eta masailak algara bati eusteko bezala puzten dituelarik—, igual que río.
Egoera hartan ere, lanik nekosoena gizon haren agindua betetzeko egin beharko zituzkeen mugimenduak ordenatzea izan zitekeela pentsatzen du, aulkitik altxatu eta heriotzaren bila bideratzerakoan egin beharko duen zeinu bakoitza bere baitan entseiatzea.
“Egin aurretik, mugimendu oro entseiatzen duk buruan” idatziko zuen, “egiteko gauza izango haizela segurtatzearren”.
Altxatzea erabaki du. Bi eskuak banku ertzean bermatu eta gorputza aurreratzera doala, Susanarena sentitzen du eskuinekoan —hotz sentitzen du, bankua estaltzen duen mosaikoa bezain hotz— eta, sua ukitu bailuen, instintiboki aldentzen ditu biak, izter artean gordetzeko. Eserita geratzen da, beraz, bi eskuak izterren artean igurtziz.
—Ez dago bero —esaten du erreakzioa justifikatzeko. Baina Susanari ez zaio ihesa oharkabean pasatu, besoak gurutzatzen baititu oso astiro, ez duela nahita ukitu adierazi nahian, eta berak botatzen du gorputza aurrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario