2011-04-03

70. pasartea

Besteek nahastu behar ez ziren konpromisoak zituzten: Ionek noizbehinka biblia paperean inprimaturiko Gudari-ren aleak partituz adierazten zuen berea, eta Abelena, berriz, nabarmenagoa zen, eta serioagoa beharbada. Berak, ordea, kulpa sentimendua besterik ez. Batzuek konpromisoa dosi txikietan txertatzen zuten, handiagoez libratzeko. Hori ere ez zion esan, noski. Laguna non aurkitu behar zuen eta nola ezagutuko zuen galdetu zion, espioitza nobelen eragin kaltegarriaz bromaren bat egiteko aukerarik galdu gabe.
Albertoren ume itxura areagotu egiten zen seriotasunak sudur biribilaren hegaletan markatzen zizkion zimurrekin. Nolanahi ere, konpromisoa hartzeko libre zela xuxurlatu zion.
Baina ez zegoen libre izaterik.
Urte batzuk geroago, 79 edo 80ko neguan —ordurako itzulia zen Madrilen bizitzera—, garai hartan desencantoari buruz hain ugariak izan ziren nobela haietako bat bidaliko zion, eskaintza nostagiko batekin, eta pasarte luze bat azpimarratua zuela. “Iraultza ez zen aukera gisa sentitzen” zioen gutxi gorabehera pasarteak, “esentzia gisa baizik; edo iraultzaile zinen, eta orduan iraultzaile buruaz pentsatu eta iraultzaile bihotzaz sentitu behar zenuen, edo ez zinen, baina orduan izan nahia baino ez zen geratzen, eta ez izatearen kulpa behin eta betikoa”. Eskaintzak, berriz, “hain zapalduak eta hain libre izan ginen egun haien gomutaz” zioen, haren letra biribil eta argiaz idatzia.
Aginduriko orduan Gaviriako atea gurutzatu zuenean, izu-ikararen orratzak sentitzen zituen urdailean. Hala ere, enkontrura zihoakionak —dudarik gabe bizia arriskuan jartzerainoko konpromisoa hartua zuen hark—, bere zikoizkeria koldarra atzemango ote zion zuen kezka nagusi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario