2011-04-03

49. pasartea

Bazekien ohiko despedidaren ondoren —”lekutxo bat egin bezain pronto deituko dizut, bale?”— leiho hura zabaldu beharko zuela trafiko hotsarekin errealitatearen zentzua berreskuratzeko. Gero, ohe gainean biluzik, arratsaldeko zita hautsiak berregitea beste zereginik gabe, hormetako grabatu ingelesen belaontzi eta zaldi soslaiz zeudenei so, afaltzeko edo zinemara joateko ordua heldu zain geratuko zen, beti bezala, harreman zentzugabe harentzat arrazoiren bat bilatu nahian.
Nahiz eta hau bere alderdirik doilorrena onartzea zen, aitortu behar zuen harreman haien luzamenduan bazutela zerikusirik arrazoi erabat pragmatikoek: Bartzelonako egonaldi derrigorrezkoek inposatzen zioten bakardadeari ihes egin nahia eta, batez ere, hiri arrotz batean bizi beharrak sorrarazten dituen problema arrunten eta —bera bezalako bidaiari txar batentzat— gogaikarri gertatzen diren mila oztopo txikiren konponbidea.
Beste noizbait, halako bidaia bat egiterakoan, Donostiatik deitzeko tentazioa bentzutu eta gero, aski izan ziren, Prat-era edo geltokira heldu bezain laster, taxi bat lortzeko eragozpen hutsa, maletaz libratzeko desira edo hotela aukeratu beharra, bakarrik konpontzeko asmo ona abandonatu eta lehenbiziko telefonotik bila joan zekion eskatzeko.
—Bidaiari eskasa bainaiz.
Ate ondoko neska ileluzeari esplikatu nahi lioke, Muntaner kalea ezagutzen ez duelako harritu zaionean. Norbaitek ikasle gazteak, hegoamerikarrak batez ere, erdialdeko kaleetan sexu harremanetarako eskaintzen direla kontatu duenean gertatu da hori.

No hay comentarios:

Publicar un comentario