2011-04-01

98. pasartea

Zerbait eransteko keinua egin zuen, baina isildu egin zen. “Ongi, joango nauk” besterik ez zuen esan, eta hitz haiek mehatxu baten kutsuz iraun zuten airean.
Orduan ulertu baitzuen ez zela erabat egia besteak alde egin zezan nahi zuenik; bere atzean atea itxiko zuenean, arriskua ez zela berarekin desagertuko; aitzitik, joango zen lekutik mehatxu egingo ziola beti.
Bere ohean zekusan bitartean behintzat, bazekien ez zegoela poliziaren eskuetan, esan zion Ortiz de Zaratek, pentsamendua irakurri izan bailion. Eta gero, erantzuteko tarterik utzi gabe:
—Nolanahi ere, Bartzelonara banaramak —erantsi zuen, eta irribarretsu, gaia aldatu nahian bezala:— Han ezagutu gintuan, oroitzen?
Baietz erantzun zion, oso ongi oroitzen zela, baina ez zen ausartu galdetzen ea zergatik ez zuen hura lehenago aipatu. Beharbada, ez zitzaion gogoko bat-bateko intimitate giro hura, eta gelatik irteteko zegoela, sabaiko argia piztu zen. Galtzerdien kolorea berdearen ezbaikortasunaz agertu zitzaion eskuartean eta, burutazio zentzugabe batzuek izan ohi duten argitasunaz, erosi zituen egunaz oroitu zen. “Banekien hauek aukeratuko zenituela” esan zion dendariak, baina orduan ere ez zen ausartu ea zergatik zekien galdetzen.
Zigarro hautsa bularrean zehar nola erortzen zitzaion ikusi zuen, eta eskua astintzen gero, mugimendu nagiz, garbitzeko asmoz baino, garrantzirik ez zuela adierazteko bezala. Nostalgiak hartua zirudien “han ezagutu gintuan, bai” esaterakoan. Inoiz ez zen horren mihiluze azaldu. Bartzelonako giroaz arrunkeriaren bat aipatu ondoren, esan zion etxe hartan txaketa gurutzatuarekin eta gorbataz jantzita sartzen ikusi zuenean ez zitzaiola fidagarria iruditu.
—Baina azken batean ez haiz mutiko txarra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario