2011-04-03

68. pasartea

Bazekiela esan zuena esango zuela, errepikatu zion, eta agian, dena perfektu izateko “Dios mío” edo “cielo santo” baten gehigarria beharko zukeela.
—”Dios mío, si lo sé, me traigo el land rover”. Ikusten? Horrela hobeto.
Ez zirudien ironia ulertzen zionik, eta “ze inozoa zaren” esan zion, zerbait ulertzen ez zuenetan esan ohi zuen bezala. “Qué tonto eres” esaten zuen, eta “cuidado que eres tonto” batzuetan.
Coll del Portellen zeuden eta, Ion eta besteak utzi zituen etxera inguratu ahala, ihes egiteko desira indarberriturik suspertuz zihoakion. Eskaparate baten aurrean geratu zen denbora egiteko, eta Susanak ea lagunak ez ote zituen zain galdetu zion, besotik helduz, aurrera segi zezan.
Zeruan hedatu zen argitasun isla labur baina biziak erantzutetik libratu zuen. Fotomatoi baten distira urdina bezalakoa zen. Buruak altxatu zituzten hodeiak urratuz portu aldera galdu zen tximistaren bila. “Allí probablemente llueve” esan zuen ahapeka, trena hartzeko asmoa zuela adieraztera ausartu gabe. Baina Susanak ohartua zirudien, “allí siempre llueve” erantzun baitzuen. Gero, eskakizun bera errepikatu zion. “Estarán esperando” esan zuen, “esperándonos”, beharbada. “Es muy tarde”. Iñaki Abaituak, ohituraren poderioz, besoa eskuturra bistan agertzeko luzatzean, ile zapalduek ordulariaren hutsunea erakutsi zioten. Trumoi hotsa entzun zen, eta ondoren natura ikaratuaren isiltasun aditsua. Berak ere isilik iraun zuen, kristalean beren figura goibelduak euriaz atzamarkatuta ikusten zituela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario