2011-04-01

97. pasartea

Aitaren eskuak berea estutu zuenean, adibidez, gero objektu hotz eta astun bat bezala izara gainera erortzeko. Orratz laburrak omega maiuskularen konkabotasuna seinalatzen zuen, eta artean oinazea distira heze bat baino ez zen begietan, orratz luzea omega gurutzatuz elkartu zitzaionean. Oyster perpetual 15 jewles swiss made irakurri zuen bere inguruan errezo aspertuen murmurra hedatu zenean.
Momentu bat besterik ez zela izango esan zion, eskuetan zituen galtzerdiak erakusten zizkiola, eta berriro ere komoda aurrean makurtu zen. Aplikeak isurtzen zuen argiaren azpian, ia ez zituen bereizten kolore ilunak eta argiak, eta etsita zegoen berdeak janztera. Hala ere, makurturik jarraitu zuen besteak goiko argia piztuko zuelakoan, edo berak piztu zezakeela noiz entzungo zain, baina hark ez zuen piztu, eta piztekorik ere ez zion aipatu. Besterik gabe, etendako hariari berriro helduko bailion, “ikaraturik, ezta?” galdetu zion, eta gero, erantzuteko eperik utzi gabe, “nik alde egitea nahi huke”, baina esateko moduan ez zuen garbi adierazi hura galdera ala baieztapena zen.
Iñaki Abaituak eztula egin zuen, eskua airean astintzen zuelarik kearen eraginez zela adierazteko. Nabarmenegia zen, ordea, denbora irabazi nahian zebilela. Galtzerdi berdeak kaxoira bota eta ilunagoak ziruditen batzuk hartu zituen kolore egokiagoaren aukera zoriari utziz. “Beldurra libre da” esan zuen azkenean.
—Ongi, joango nauk.

No hay comentarios:

Publicar un comentario