2011-04-01

100. pasartea

Berriro ere, saldu zizkion dendariaren aurpegi zehazkaitza etorri zi­tzaion gogora. Hark irribarre egin zuen “banekien hauek aukeratuko zenituela” esatean, eta momentu hartan atzematera iritsi ez zen malezi izpi baten azalpena izan zitekeela pentsatu zuen, bere gustu ezkutuen jabe zela adierazi nahia, beharbada.
Ezin zuen haren aurpegirik zehaztu, eta Susanari etor zedin jar ziezaiokeen aitzakiaz pentsatzea galarazten zion pasarte hartaz libratzen ahalegindu zen. Hala ere, konfiantza zuen etorriko zela. “Mesede bat eskatu behar dizut” esango zion, eta ikusiko zuen gero. “Banoa” errepikatu zuen irten baino lehen, berriro ere galtzerdi berdeak erakusten zizkiola. Eta salan jada, pentsatu zuen umetako eraztun zigiluduna daramatenak haurtzaro zoriontsua izandako pertsonak izan ohi direla, baina ergel samarrak apika.
Ortiz de Zaratek egunkariren bat eskuratu bide zuen, gelatik paper hotsa baitzetorkion. Erne geratu zen hotsaren zelatan, zer zebilen asmatu nahian. Nabarmen zen egunkari baten orriak pasatzen ari zela, ohi zuen bezala, hatza ongi miazkatuz ziur asko. Lehenbizi “beti nengoen deitzekotan” esango zion Susanari. Baina berehala formula huts eta arrunta iruditu zitzaion, hark deitzen zion bakoitzean erabiltzen zuena gainera. “Beti nengoen deitzekotan ni ere, baina badakizu nolako alferra naizen telefonoz hitz egiteko”.
Paper hotsa artean ere, bi edo hiru segundoko isilunea tartekatuz. Orriak irakurri gabe pasatzen ari zen, nonbait, azkenaren ondoren berriro ere lehenbizikotik ekingo bailion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario