2011-04-03

42. pasartea

Historia horrek badu kontakizunarekin zerikusirik, besterik ez bada ere, Iñaki Abaitua Susanaz baliatu zelako Eduardo Ortiz de Zarateri laguntzeko, Teruel inguruan istripuz amaituko zen bidaia hartan nahastuz. Edo, besterik gabe, Güell parkean eserita zeudela etorri zitzaiolako gogora harrizko bankuan mugitu ezinik estekatu zuen etsipen eta neke adierazpen hura —”Egin aurretik mugimendu bakoitza entseiatzen duk buruan, egiteko gauza izango haizela ziurtatzeko”—, gerora, narratzailearen ahoan, Hamaika Pauso-ko lehen perpaus bilakatuko zena.
Güelleko hartan euria ari zuen, baina ez zirudien axola zitzaienik. Objektu abandonatuak ziruditen paisaia argitsu haren erdian, non zuri, beltz eta grisen ñabardura guztiak platanondoen hosto zabaletan zehar irristatzen baitziren, zutabe bihurrituak —eta alferrikakoak apika— estaltzen zituen mosaikoaren zati desordenatuetan. Dena zen irreala euri ezohikoak iragazita; zutabe haiek, iraganean suntsituriko areto perfektu eta orekatu baten hondakinetan eginiko berreraikitze presazko eta amaitu gabearen ondorio zentzugabea eta jeniala ziruditen.
Susanak burua altxatu eta euriari eskaini zion, malkoak disimulatzeko, beharbada.
Lo siento, soy tan estúpida —dio, Iñaki Abaituak negarrez zergatik ari den galdetzean.
Gero isilik iraun zuten.
Lurrari, asez zihoan neurrian, usain sarkorra zerion; aberatsegia iruditu zitzaion, espezia gehiegiz prestaturiko janariena edo fruta helduegiena bezalakoa.
Airean abandonatzen du zigarro bat ateratzeko hasitako mugimendua, nagitasun hutsez, baina gero beste esfortzu bat gehitu behar dio hari, eskua jarrera deseroso hartatik libratuz —alkandoraren goiko patrika parean geratu zaio zintzilik— berriro belaun gainean lagatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario