2011-04-06

3. pasartea

Irudipen huraxe zuen agoniaz: pausalekurik aurkitu ezin duen begirada galduaren ihesa. Eta hotza. “Ingalaterrako hotza” datorkio gogora, eta irribarre egiten du Lorettaz oroitu delako. Edo mailegu literariorik gabe ezer adierazteko gauza ez dela pentsatzeak eragiten dio, tristea izan arren, une labur batez aurpegia argitu dion irribarrea.
Loretta Sheridan, nobela arin bateko protagonista fusilatua. Irakurri zuen lehena, izeba Isabel neska zaharrari zetazko zapi perfumatuak, koloretako zintaz loturiko sobreak eta neurri guztietako kutxa preziatuak gorde ohi zituen armairutik lapurtu ziona. Gogoan du, halaber, Juliarenean, dagoen lekutik metro gutxitara, salako liburutegian, bere bizkar arrosa higatua begiztatu zuen gaua.
Era un amanecer gris, húmedo y triste. Un día más del invierno de Inglaterra. El pelotón esperaba en el patio.
A Loretta le recorrió un estremecimiento y murmuró:
—Hace frío.
Lehorretik itsasora zabalduz doan laino zuriak gehiago biguntzen ditu berez leunak diren koloreak. Badaki istant batean Hendaiako kasinoan argiak piztuko direla, eta badaki, halaber, hondartzara daramaten arkupeetan neonak, berde, urdin eta gorri biziak, alferrik ahaleginduko direla ibiltari bakanak alaitasun mezuaz erakartzen. Hainbat aldiz izan da turistek abandonaturiko galeria horretan bisitari bakar.
Bere buruaren oroitzapena ekar dezake: taberna itxien terrazetako aulkietan eserita, ezezagun bat bailitzan, irakurtzen ez duen liburu bat eskuetan, orain dagoen aldera so, Hondarribiko kasko zaharrera, eta irudimenak hondamen sentimendu tristea dakarkio.
Badaki, hain zuzen ere, Jaizkibel magalean, eliza karratuaren oinetan aurkitzen den lehenbiziko etxean, bere ezkerrean bizpahiru metrora dagoen leihoa bilatuz itxiko dituela begiak azken aldiz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario