2011-04-03

74. pasartea

Hori izan zen guztia, eguneroko normaltasuna. Eskupekoa oparoa zenean, ahapeka, misterio handiz ezker-eskuin begiratu ondoren, paper zimurtua eskuz idatzita zegoela, amak ez zituela liburuak apaletatik edonola jaso, aukeratu egin zituela. Eta oso oparoa zenean, gau-mahai gainean aurkitu zizkioten bi liburuen izenburua irakurtzen zuen. Papertxo batean baitzituen idatzita, kazetariei hura interesatu egingo zitzaielakoan. Eta, amaitzeko, ezin zezakeela gehiago esan, ezta munduko diru guztiagatik ere.
Datu horiekin kazetariren batek ez zuen arazorik izan Iñaki Abaitua Il mestiere di vivire-ren zein orritara iritsia zen asmatzeko, eta beste batek, harantzago joz, paper zimurtuan idatzirikoa agertu ahal izan zuen: hitzik ez, zeinu bat, ez dut gehiago idatziko.
“Pavesek bezala, asko hitz egiten zuen heriotzaz”, dio Lasagabasterrek. Eta egia da. Ezagutu zutenek gogoan dituzte haren esaldi ikaragarriak, gehienetan latinez botatzen zituenak, garai bateko misiolari beldurgarriak imitatuz. Besoak zabaltzen zituen eta ahotsa sakontzen, harrotzen, bere emozio benetakoa karikaturaren atzean ezkutatzeko. “Media vita in morte sumus” esatean, adibidez, Ionek bizitza erdia lo pasatzen dutela leporatu dienean.
Ion Igartua bilera guztietan heldu ohi den momentu horren beldur izaten zen: norbait, ordua aipatuz, biharamunean garaiz altxatu beharraz kexatzen den unea, eta bakarrik gelditzeko beldur litzatekeen haur bat bezala saiatzen zen edalontzien hondakinak ahitu ondoren desertatzen zuen jendea geldiarazten.
Bizitza erdia lo pasatzen dutela esaten die.

No hay comentarios:

Publicar un comentario