2011-04-04

22. pasartea

—Ez deritzozu aproposago, modernoago, “a”, “aba”, “ababor” eta “abade”rekin ekitea baino? —galdetu zion idazkariari.
Instituteko idazkariak ideia erabat abangoardista iruditzen zitzaiola aitortu zuen, eta ezin izan zion barreari luzaroan eutsi kutxakoak bere desadostasuna azaldu zuenean —”Eta bezeroak? Nola moldatuko dira bezeroak nahi duten hitza aurkitzeko?” galdetu zuen—, eta azkenean algarari amore ematera derrigortu zutenean, bortizki ekin zion, gorputzaren astinduez bi kopa irauliz.
Bazkalondoa ez zen luzea izan, baina nahikoa luze, hala ere, kutxakoak gogoraraz ziezaion lau hilabeteko atzerapena zeramala lanean, eta Eguberrietarako argitaratu beharra zeukatela. Iñaki Abaituak kafea hartu bezain laster esan zien ulertuko zutela zenbat lan zuen egiteko, eta jatetxean utzi zituen.
Deprimiturik sentitzen zen, eta bere buruarekin haserre, hain modu petralean laneko harremanak gaiztotu zituelako. Diagonala goitik behera egin ondoren, orduko Primo de Rivera kalean taxi bat hartu eta Coll del Portelleko etxera abiatu zen. Han ezagutuko zuen Eduardo Ortiz de Zarate.
Ion Igartua, Abel Osa eta Ane internotza egiten ari ziren —San Pau ospitalean hirurak—, eta sarritan eraman izan zuten ospitaleko erizain batzuena omen zen eta beti jendez gainezka zegoen Coll del Portelleko etxe hartara. Altzari urriz horniturikoa zen, eta ez ziren falta garaiko estudiante eta profesional gazteenetan derrigorrezkoak ziren Miró eta Picassoren litografiak eta zeramika herrikoiak, salako elementu nagusi bilakatzen zen liburutegiaren apaletan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario