2011-04-01

90. pasartea

Zeru teknikolore hura bi plano bortitzen artean: mutila bakarrik, indiarrez inguratua, eta travelling luzean zalduneriaren agerpenarena. Doi puntutxo batzuk ostertzean, urre koloreko hauts-lainoz inguratuak. Korneta soinua, zaldien kasko hotsa gero, eta, azkenik, tronparen hotsa nagusi zuen musika garailea. Sinfonia horren lehen akordeak entzun bezain azkar, aulki azpian oinetakoen bila ahalegintzen zen, neska-mutil bikoteek konpostura galdua berreskuratzen zuten bitartean, eta zeru urdinean The End ezinbestekoa azaltzerako jantzita izaten zituen. Mina ematen zioten zapatek, ezkerrekoak batez ere. Mundu guztiak du oin bat bestea baino handiagoa, eskuinekoa gehienetan, baina berak ezkerrekoa zuen luzeagoa, eta amak puntan behatz lodia ateratzeko moduko zuloa egingo ziela agindu zionetik, oinazea disimulatzen ahalegintzen zen.
Gogoko zuen amaieraren ondoren, artistak beren izenarekin azaltzen zirenean, aulkian eserita irautea, igandearen ahitze ezinbestekoaren adierazgarri zen pantaila zuriari so.
Ibai ertzean gasolindegia baino lehentxeago dagoen zinemara joan ohi zen, Iñaki Abaituak —Albertok hala eskatuta, Ortiz de Zarate autoz A-ko herrira eraman zuen egunean— Daniel Zabalegi lehen eta azken aldiz ikusi zuen parajean, hain zuzen.
Ate ondoko iragarkian emakume bat ageri zen, harriduraz bezala aho-zabalik, gonazpiko beltzez jantzia, odol isuri gorria zeriola lepotik zehar bular tarteraino. Bere ondoan, esmokin beltzez jantzitako gizon sortaldear batek labana luzeaz armaturiko eskua altxatzen zuen eta, bien atzean, adreiluzko horman, KILL hitza ageri zen, hitzaren lau letrak tanta-jario, odolez idatzia zegoelako efektua lortzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario