2011-04-03

53. pasartea

Bazkalaurretik zen eta despeditzen ari ziren, baina, sarritan gertatu ohi denez, despedida formulek ahitzear dauden solasak suspertzeko duten ahalmen horren eraginez, ezin ziren abiatu nor bere bidetik. Dena den, ez zuen fundamentuzko solasik ebaki neska galant hura pasatu zenean. Ez zen nolanahikoa, eta Bertaren antzera, nabarmenki, kadentzia dotore batez, mugitzen zituen aldaka boteretsuak. “Hori da fragata” esan zuen berak, ozenki samar beharbada, eta hitzak azpimarratzeko, konplizitate zeinu bat egin zion Ioni, ez oso dotorea, ukalondoaz saihetsean joz.
Ingurura begiratu zuten zertaz ari zen ezin ulertuz bezala, emakumearen presentziaz ohartu gabe, edo presentzia harengatik interes berezirik erakutsi gabe behintzat, eta deia justifika zezakeen zerbait bilatu ondoren, so geratu zitzaizkion, esan bezala, helduak imitatuz ausarkeriaren bat esan duen haurrari bere portaera gaitzesterakoan erabili ohi den irribarre jostagarriaz.
Erabat lotsaturik sentitu zen, obseso nardagarritzat har zezaketelako, eta, bere burua justifikatu nahian, “fragata” hura artean mende hasieran erabili ohi zen lore berreskuragarria zela esan zien. Nonbait —ez zen oroitzen non— irakurria zuen esaldi hura, fragatak baitziren itsasoak gurutzatu zituzten itsasontzi dotoreenak, eta gero, isilik irauten zutenez, fragatei buruz zuen jakinduria guztia ahitu ondoren, asmakizunetan hasi zen, eta Donostian ikatz kargarekin porturatutako azkena, “hiru mastakoa, noski”, ezagutu zuela segurtatu zien. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario