2011-04-03

66. pasartea

Garrantzirik gabeko xehetasuna litzateke, zilegi baita pentsatzea, Ortiz de Zaratek erabili zuen deitura faltsua Iñaki Abaituak kartelean ikusi izan balu ere, gauzak gertatu ziren bezala gertatuko zirela.
Ez zen konturatu. Penaturik zegoen, eta lotsaturik, goizeko gertakizuna hain arin eta bidegabeki juzkatu zuelako, begi-bistakoa iruditzen baitzitzaion ezkutatzen zuen gizon kapeladuna muga pasatzeko kontaktua zela. Jadanik eskuartean zuen erlojuari begiratu zion, hark “horregatik zaintzen dut ordua” esan baino lehen. Kuerda eman zion, ohi zuen bezala, koroa bi aldeetara itzuliz, eta gero, arreta handiz, gorbataren puntaz garbitu zuen. Objektu hutsa baino gehiago zen zerbait betiko galtzen zuela iruditu zitzaion.
—Nik ez dut behar —esan zion ematerakoan, eta Ortiz de Zaratek uhaletik heldu zion. Krokodilo larruzkoa zen. Lotu ondoren, besoa luzatu zuen, eskuturrean nola ematen zion ikusteko bezala.
—Ederra da, bueltatuko dizut egunen batean.
Ez zitzaiola inporta esatekotan egon zen, baina ez zuen esan. Barrara inguratu zen kopak ordaintzeko, eta itzuli zenean Ortiz de Zarate ate ondoan zegoen. Argitik babesteko beso bat altxatzen ikusi zuenean, aurpegirik gabeko itzal bat besterik ez zen jada, eta berak ere berea altxatu zuen.
Itzaletik kanpoko koloreek zimelduta ziruditen, argitasunak irentsita bezala, eta haietaz desjabeturik, ibiltariak irreal bihurtzen ziren, nagi. Aldizka, berriz, lurratsaren distirak bizi bihurtzen zituen kolorez, baina ezbaikor formaz, eta orduan, argitasuna liberatuz, desintegratzeko zorian ziruditen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario