2011-04-04

9. pasartea

Anek hurbiltzeko eskatzen zion besaulkitik, eta Abel Osak obeditu egin zion. Esertzerakoan, ordea, azken ideia biribildu nahian, “apaizek eta magia-gizonek sartu zigutek hiltzeko ikara” errepikatu zuen. Gero, isiltasun astun batek bildu zuen kanpoan, ostertz okrea errespetatuz, nagusitzen ari zen iluntasunaren isla.
Iñaki Abaitua ez beste guztiak ohiko lekuetan eserita zeuden. Arantxa larruzko puf batean, zangoak yoga egiten ari balitz bezala gurutzatuta, Ion Igartuaren aurrean, oinetan ia. Alberto, liburutegiaren zokoan gordeta, ezin irakur zezakeen liburu baten orriak pasatzen ari zen. Abelek eta Anek besaulki bera konpartitzen zuten, biak zurrun, Iñaki Abaituaren aldera itzulita; honen desegokitasun posible bati ihardesteko zain baino gehiago, erne ziruditen. Julia, leihotik gertuago, alfonbra zurian eserita, ertzaren hari litsekin jolasten zen, hatz txikiaren eta nagiaren artean ahaztuta bezala zuen zigarrotik hauts punta luzea zintzilik.
—Piztuko al dut argia? —galdetu zuen Ionek.
Iñaki Abaitua une hartantxe konturatu zen, harriduraz, inkontzienteki faroaren argi tarteak kontatzen ziharduenean —argia, hiru segundo, argia, bi segundo, eta ondoren argia berriz— erabat ilundurik zegoela. Erlojuari azkenekoz begiratua zionean zazpiak ziren, egun argi zen artean, eta harrezkero minutu batzuk baino ez zirela igaro iruditzen zitzaion.
—Zer, piztuko al dut? —esan zuen Ion Igartuak, eta erantzunik jaso ez bazuen ere, besoa altxatu eta argiari eman zion—. Gora bihotzak —erantsi zuen gero, giroa alaitu nahian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario