2011-04-03

77. pasartea

Lurrean eserita, arrapostu egiten die oraindik, nahiz eta, haur temati bati bezala, jaramonik egiten ez dioten, gerora heriotzaren gaiari buruzko bere interes gehiegizkoaren adierazgarritzat gogoratuko zuten aipamen haietakoren bat erabiliz —”La Rochefoucauldek zioen eguzkia eta heriotza ezin begira daitezkeela aurrez aurre”—, eta mehatxari altxatuko du besoa, berriz ere, gauza garrantzitsuez interesatuta egoteko itxura egiten dutenean, heriotzaren ikaragarritasunari ihes egin nahian ari direla esateko.
Isil dadin eskatzen dio Juliak, ez hitz egiteko, ez duela merezi, eta beregana erakartzen du gainerakoen presentziaz arduratu gabe, bere magalean etzatera behartuz. Isilik egon ziren gero, besteek, diskrezio nabarmenegiz, agur esan gabe alde egiten zuten bitartean, eta postura hartan iraun zuten disko amaitu baten kexak atzamarkatzen zuen isiltasunean. Hatz gihartsu azazkal laburrekoek bekainen linea orraztu zioten, sudurra inguratu, ezpain meheak gero, eta bularrean alkandoraren botoiak trebeki baina astiro, botoi bakoitza azkena bailitzan askatu ondoren, txikiaren eta nagiaren artean beti errauts luzeegia zuen zigarro piztua abandonatu gabe —haren berotasuna senti zezakeen azalean—, lodiak eta erakusleak titiburua gero eta bortitzago sakatu zioten plazer eta oinaze sentsazio bitarakoa eraginez.
Juliaren burua oso poliki hurbiltzen ikusi zuen, eta zimurdura leun batez marrazten zekien irribarrea ironikoa iruditu zitzaion, eta hatz bakar baten aginduari men eginez errenditzen zitzaion, bera, senak halabehartuta, sekreturik gabeko mekanismotzat hartzen zuelarik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario