2011-04-03

69. pasartea

Albertok “lagun bat autoz eramateko” eskaria egin zionean, txofer ofiziorako ez zela aproposena erantzun zion txantxetan, eta hark, itxuraz, serio hartu zuen. Ezezkotan bazegoen, nahiago zuela argi eta garbi esan ziezaion. Zitalkeriarik gabe —Alberto ez zen zitala—, baina seriotasunez mintzatu zitzaion. Orduan berak, beso batez bizkarretik hartuz, eta broma airea utzi gabe, berarengatik edozer gauza egiteko prest zegoela eta, Jainkoaren izenean, ez muturtzeko eskatu zion, bere baitan lan hartarako aukeratu zuen patua madarikatzen zuelarik.
Alberto ez zela errudun ongi asko bazekien ere, ezin eragotzi izan zuen bat-batean nazka eta amorrazioa sentitzea, beti bustia zirudien ile koipetsu eta atzera orraztuagatik, bere flauta ahots minberagatik; azken batean, bere alkandora gustu txarrekoengatik.
Sudur labur biribila zimurtu zuen “ezin baduzu, nahiago nuke argi eta garbi adieraziko bazenit” esaterakoan. Mutil ona zen Alberto, eta berak ez zuen hura samintzeko eskubiderik. Patu madarikatu baten ondorio zen hura, noizbait halabeharrez gertatuko zitzaion zerbait, heriotza bera bezala. Hori pentsatzen ahalegintzen zen, baina ezin zuen burutik kendu Albertok, madrildarra izanik, saihets zezakeela itxuraz borondatez onartzen zuen konpromiso hura, bide batez bera ere libratuz. Azken batean, bere koldarkeria madarikatzen zuen.
Gaviria kafetegiko terrazan zeuden, Albertok beti gorde zuen-eta terrazetan esertzeko joera madrildarra. Galdetzekotan egon zen ea zergatik berari egiten zion eskabidea, eta ez beste norbaiti, Ioni edo Abeli, baina ez galdetzeko duintasuna izan zuen. Bestalde, bazekien erantzuna. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario