2011-04-01

91. pasartea

Robbe-Grillet-en Project pour une révolution à New York etorri zitzaion gogora kartela ikustean, eta lotura haren nondik-norakoa arakatzen ari zelarik, Eduardo Ortiz de Zaratek bere gidatzeko modu traketsa aipatu zion.
—Ez nian uste iritsiko ginenik —esan zion, eta berak, motorra itzali gabe artean, harriduraz begiratu zionez—, portatu haiz, Nuvolari —erantsi zuen. Hala deitzen zioten lagunek bere gidatzeko trebeziarik eza zela eta. Fittipaldi ere bai batzuetan. Pentsatzen jarri zen zein neurritan izan zitekeen kointzidentzia hutsa hark ere Nuvolari esatea, eta ez zion deus erantzun. Zubia gurutzatu ondoren, Ortiz de Zarateren aginduei jarraituz, ezkerrerantz abiatu ziren Zumarragako bidetik. San Antonioren kapera aurrean geratu zuen autoa, esne marmitaz kargaturiko asto artean.
—Ordu erdi barru zubi ondoko gasolindegian.
Itxura egiteko gogo alferrikakoa iruditu zitzaion, segurtasun neurri beharrezkoa baino, autoan egindako bidetik berriro ere oinez itzultzea. Agian denbora epea ematerakoan ordulariari begiratu ere ez ziolako egin.
“Ba al dabil oraindik nire Omega zaharra” esatekotan egon bazen ere, isilik iraun zuen bestea eskuak gabardina zuriaren patriketan ezkutatuz urrutiratu zenean.
Ez zuen ulertzen zein izan zitekeen Bartzelonan elkar ezagutu zutela ez aipatzeko arrazoia, eta haserre zegoen bere buruarekin, argi eta garbi galdetzeko gauza ez zelako. Martirietako kanpai hots grabea entzun zen, pauso herren bat bezala, airean nota faltsu bat utzi zuena, eta artean airean zegoen parrokiakoak, zilarrezko aleazioaren durundots larriaz, erantzun zionean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario