2011-04-04

17. pasartea

Eduardo Ortiz de Zarate a. Edorta, Zator, Zapa, Zadorra, esaten zuen Daniel Zabalegiren sumarioan ageri zen poliziaren informeak. Gasteizen 1950ean jaioa. Ekonomilari ikasketak amaitu gabea. Beltzarana, aldizka bizarra luzatzen utzi ohi du. Ezaugarri, sudur gainetik gora bekokia gurutzatzen dion ebatondoa.
Historia Eduardo Ortiz de Zarate, alias Zadorra edo, gehienetan, Zigor ezagutu zuen puntuan has zitekeen. Bartzelonan, beraz, 73ko udazkenean, Iñaki Abaituak hiztegi lanarekin egin zuen bidaia batean.
Berez, ez du garrantzi handirik historia bati nondik ekiten zaion, batera zein bestera amaiera berbera izango baita. Hein batean horrexegatik, beharbada, hasieraren doakoaz jabeturik, asko dira liburuei bukaeratik ekiten dieten irakurleak, eta, era berean, joera hori errespetatuz, gero eta gehiago dira idazterakoan gauza bera egiten duten idazleak ere.
Amaia hasiera dela esan genezake, beraz. Bestalde, oroitzapenak apetaren hegaletan etorri ohi direnez, zilegi da haien ordena ilun eta misteriotsua errespetatzea, kontakizuna konbentzionalki, kronologikoki edo linealki egokitzeaz arduratu gabe, kontuan hartuz egokitze lan horrek, penagarria gertatzeaz gainera, zenbait gaitasun eskatzen diola kontalariari, hala nola izaera psikologiko berezia
—ordenaketarako ardura gehiegizkoari loturik dagoenez— eta, iraingarria ez balitz, femenino hitzaz definituko genukeena, edo, patologiaren mugan —zentzu honetan, adierazgarria litzateke Prousten kasua—, osasun txarreko pertsona neurotikoengan aurkitu ohi den zehaztasunetarako obsesioa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario