2011-04-03

60. pasartea

Trafikoa ez zen ugaria, eta pasatzen ziren auto bakanak, galtzadaren desegokitasuna zela medio, oso poliki pasatzen zirenez, pentsatu zuen ez zuela arazorik izango hura ikusteko. Gainera, egia esan, jadanik ez zitzaion askorik axola Susana Coll del Portelleko etxean sartu baino lehen ikustea. Ortiz de Zaraterekin bakarka geratu zenetik, irrika bizi bihurtu zitzaion hark Telefónicako atarian hain lotsagabeki ezikusia egiteko izan zuen arrazoia jakin nahia, eta, gaia ateratzeko modurik hoberenaren bila, behin eta berriz entseiatzen zituen, bere artean, bururatzen zitzaizkion modu desberdinak, adierazpen egoki bat lortu gabe.
Azken batean, bi aukera besterik ez zituen ikusten, aldaera askorekin. Bat, besterik gabe goizean ikusi zuela esan ziezaiokeen, naturaltasunez, xalo-xalo hobe, eta hark “ni?” edo “gaur goizean?” edo harridura erakutsiko zukeen antzeko adierazpideren batez erantzuten bazion, orduan berak, “bai, Catalunya plazan ikusi zaitut” esan ziezaiokeen. Bestela, zuzen-zuzenean —eta horrela egitea erabaki zuen—, “ikusi zaitut Catalunya plazan” esango zion, segurtasunez, eta maltzurkeri izpi batez ere bai; dudan jartzeko betarik eman gabe, nolanahi ere. Baina hark belarritik belarrira zabaltzen zitzaion irribarreaz kopa eskaini zionean, atzera egin zuen, ez goizean ikusitakoa dudan jartzen zuelako —artean ere ikus zezakeen gizon kapeladunaren atzean zirkularki mugitzen—, baizik eta portaera ulergaitz hark agian jakiteko eskubiderik ez zuen arrazoi ezkuturen bat izan zezakeela bururatu zitzaiolako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario