2011-04-03

80. pasartea

Azkenean etsi egin behar izan zuen, dena prest baitzegoen, zerraldo aberatsa ere bai —oso ondo zituen gogoan haren zehaztasunak, kaobaren distira, urrezko hornidurak, erabat arrotzak egiten zitzaizkion inizialak, I.A.—, eta eskela, loreak eta hilobia —marmolezkoa, amak esaten zuenez—, eta eskatu zion oinetako beltz muturluzeak janzten uzteko behintzat, eta jantzi ondoren, narda ikaragarria gaindituz, zerraldoan sartu zen.
—Eta hiltzeko prestatu nintzen, esaten zidan bezala, eskuak bular gainean gurutzatuz, baina ez nekien nola hil.
Isildu zenean, haizearen kexa entzuten zen urrutira, eta gertuago uhin ahituek Kofradiako eskaileretan ematen zuten zaflada geldoaren hots biguna sumatu zuen.
—Ez da egia —esan zion Juliak— asmatzen ari zara —eta bularrean gorpu batek bezala gurutzaturiko eskuak bereganatu zituen—. Ez da egia.
J.J. Lasak “ama, beti ama” esan zuen. “Mater terribilis”. Juliak, berriz, “beraz, amatxorekin egiten duzu amets”. Baina J.J. Lasa ez zirudien txantxetan ari zenik. “Mère mortifère, mère meurtrière, mère mortifiée” erantsi zuen gero, eta isildu egin zen Iñaki Abaituaren zehaztasunen baten esperoan bezala. Baina honek ere isilik iraun zuen.
—Amets polita —esan zuen J.J. Lasak, eta adierazgarria zela esan nahiko zuen noski—. Amets polita —esan zuen irribarretsu.
J.J. Lasaren beheko ezpaina lodia da, semitenaren antzera zertxobait eroria, eta distiratsu ageri du irribarre egiterakoan. Judu azkar eta pikaro baten itxura du. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario