2011-04-03

41. pasartea

Ez zekiten, eta argibide gehiago eskatu zutenean, “gai horretan Iñaki da aditua” esan zuen, irribarre inozo batez begiratuz. Begi-bistakoa zen berak ere Juliarenean gertatutakoa zuela gogoan eta, errebantxarik hartu gabe, etxekoak etxean konpontzeko eskatzen ziola. Erdibidetik jo zuen, euskal popak Armada Invencible-aren sortze-suntsi­tzeetan izandako paperaz ironizatu ordez, berak ezer ez zekiela adierazi baitzuen besagainak altxatuz.
Susana larruzko berokiarekin azaltzen bazen, Abel, eta batez ere Ane, krudelegiak izan ez zitezen desiratu zuen. Ziur baitzegoen burua txori batek bezala astinduz eta berokiaren lepoa maiestatikoa izan nahi lukeen keinu batez altxatu ondoren, “¡Dios mío, vivís en las montañas! Si lo sé me traigo el land rover” edo antzeko zerbait esango zuela, eta ez zuen batere zaila gainerakoen begirada nabarmenak, ukalondoz jotzeak eta Aneren komentario pozoitsuak imajinatzen.
“Hara hor hire ipurditxoa” esango zion beharbada Arantxak, adiskidantza femeninoak kalifikatzeko —edo deskalifikatzeko, hobeto—, erabili ohi zuen adierazpidea imitatuz.
Baina gehien kezkatzen zuena ez zen bere laguntxoa idiota samarra kontsidera zezaketela. Neurri batean, ohiturik zegoen hartara, eta ipurditxoarena Bertari buruz entzuna zuen azkenekoz. Basqueko terrazan zeudela, aldaka garai haiek berak zekien bezala mugituz gerturatzen ikusi zutenean erabili zuen Arantxak esaldi hura, baina orduan ziur zegoen inbidia hutsez esan zuela hark, emakume galanta baitzen Berta intelektuala ez izan arren.
Susana, berriz, mundu petral baten eredurik jatorrenetakoa izateaz gain, fisikoki ez zen oso erakargarria. Eta halaz guztiz ere, fideltasun harrigarri baten historia bizi izan zuen berarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario