2011-04-03

79. pasartea

Ama oheburuan kokatua. Eskolarako deitzen zionean bezala, leunki hasieran, “tira, gosaria prest daukazu”, baina gero eta ozenago, eta haserre bizian azkenerako, tapakiak kentzen zizkion arte.
—Amatxorekin egiten duzu amets, beraz.
Baina ez zen ironiaz konturatu, edo ez zuen konturatu nahi izan. Baietz erantzun zion, zehaztasun gehiago eskatzen zuela uste izan balu bezala. Ama oheburuan zegoela, eskuak gerrian, behin eta berriz zentzurik gabeko agindu hura errepikatuz. “Dena prest dago” esaten zion, “zerraldoa erosia, apaiza deitua, eskela jarria, eta orain hil egin behar duzu derrigorrez”. Leihotik itzuli zen kasu egiten ote zion egiztatzeko.
Konturatzen al zen? Berak gazteegia zela eta ez zuela hil nahi erantzuten zionean, amak berekoitzat tratatzen zuela, bere buruaz besterik ez arduratzea aurpegiratzen ziola zitalki.
“Ziztrin ez bestelakoa” esan ohi zuen. “Ziztrin ez bestelakoa, ze inporta zaizu zuri nire nahigabea, ahaztu al zaizu zaren guztia niri, nire sufrimenduari zor diozula?”. Eta zapi zuria eskuartean bihurritu ondoren, jertse beltzaren manga barnean gordetzeko keinu hura.
Nola kexa zitekeen esaten zion, zapia esku artean bihurrituz, berriz ere gaztea zela eta ez zuela hil nahi erantzuten ausartu zenean. Jende asko ikusirik zegoela bera, oinazez oihuka, Jainkoari eraman zezala erregutzen, eta ea zertaz kexatzen zen hark borondate mugagabez oinazerik gabeko heriotza eskaintzen bazion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario