2011-04-04

37. pasartea

Bezperako jantzi berak zeramatzan, panazko galtza marroixkak eta jertse lepaluze ilunagoa. Hirurogei urte inguruko gizon batekin hitz egiten ari zen; kapela tiroldar lumadun berdez eta barrendik galesko telaz forraturiko trintxera itzulgarriz jantzitako gizon batekin.
Gehiegi esatea litzateke hura ikusteaz poztu egin zela, baina, nolabait ere, kanpoan herritarrentzat izan ohi den atxikimendua sentitu zuen. Beraz, haren parera iritsi zenean, gelditu gabe, ez baitzuen konfiantzarik aski solasa eteteko, ibilera astirotu eta, besoa altxatuz, agur egin zion.
Bera zen, dudarik gabe. Han zuen, besteak beste, bekokia gurutzatzen zion ebatondo zuria, baina ez zion jaramonik egin. Iñaki Abaituak atzera begira jarraitu zuen paretik pasatu ondoren eta, hark ikusi ez zuela pentsatu nahirik, “gero arte” ozen bat bota zion, inguruko ibiltariak itzularazi zituena. Artean bi pauso gehiago eman zituen, atzera begira beti, haserreak geldiarazi baino lehen. Gero, gorputz osoa biratuz, aurpegia bilatu zion, ez agur eske, garbi baitzegoen ez zuela kasu egiteko asmorik, besterik gabe bere amorrazioa erakusteko baizik. Haren begiekin topo egin zuenean, ez zioten deus adierazten.
Atzeraka ibiltzen hasi zen automata bat bezala, neurri hartako lotsagabekeria sinesgaitza egiten zitzaiola. Beste “gero arte” bat jausi zitzaion ezpainetatik. Haiengandik urruntzen zen eran, kapeladunak biratu egin zuen bere oinetan, beti bizkarra ematen ahaleginduko balitz bezala. Baina Plaza kafetegira iritsia zen xehetasun hartaz konturatu zenerako.
Ez da zaila imajinatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario