2011-04-03

57. pasartea

Albertok sarritan bereizten zuen bere burua Madrileko udatiar gisa azalduz, nahiz eta aspaldi igaroa izan lehenbiziko negua Euskal Herrian. “Betidaniko udatiarra; hori bai, leiala”, esan ohi zuen, baina euskaldun izatearen erantzukizuna jasanezina iruditzen omen zitzaion. Bistakoa zen ez zuela hizketan jarraitzeko asmorik “oso serioak zarete euskaldunak” esan zuenean.
—Bai, serioak.
Ion Igartuak euskaldunak serioak eta umoretsuak direla esaten zien. “Serioak, seriotasuna behar denean, eta umoretsuak ere bai”, eta bigarren baieztapena egiaztatzeko, aukera zuen guztietan bezala, Pipori goizero, egunkaria erosterakoan, egiten ziotena kontatzen zuen.
Pipo egunkari-saltzaile bat zen, bere oligofrenia nabarmena medio División Azul-en hartu ez zuten buruhandi bat, antiojoduna, beti bata gris bera jantzita zeramana, eta hitz egiterakoan hitz laurdenak jaten zituena. Ionek La Voz eskatu ohi zion, eta, ordaintzeko zegoenean, Abel agertzen zen, eta oso serio “dame Euskadi Roja” esaten zion. Hori entzutean, Pipori ondoeza egiten zitzaion ia, apoplejia moduko bat, eta lehen unean ozta-ozta izaten zen gauza “rojo, rojo, hijoputa” oihuka bi pauso emateko, Abel ihesi abiatzen zenean. Ionek eskaintzen zion dirua onartu gabe, haren atzetik bultzatzen zuen, erdi negarrez, “¡agáame a ese ojo hijoputa” erregutzen ziolarik, eta orduan biak San Martinen barrena abiatzen ziren korrika.
Sarritan antolatzen zuten ikuskizun hura, gonbidaturen bat zutenean bereziki. Ion Abelen atzetik desagertzen zen Marina aldetik, “ojo, hijoputa”, Piporen dislalia imitatuz, eta ostutako egunkaria erakustean barre egiten zuen, eztarrian leherzorian trabatzen zitzaion algaraz, eta azkenean trumilka kanporatzen zuen, besoak sabelean gurutzatuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario