2011-04-03

78. pasartea

Oharkabean, altxatzeko mugimendu bat entseiatu zuen, baina zakarra eta traketsa gertatu zen, eta, damuturik, eskua Juliaren bi eskuen artean abandonatuz, bularrera eramaten utzi zion. Hotz sentitu zuen, hotz eta harria bezain gogor hatz artean, glandularen presentzia nabarmenegia, eta azal hautsiaren ildaxka zuriak adibinatu zituen.
Buruaz musika tresna seinalatu zion disko berri bat jartzerik nahi ote zuen galdetzean. Tristezia kontsolaezinaz mintzo zen kanta hura zuen gogoan. “Hatz muturretaraino izan behar artista alaitasuna lantzeko, haragia triste dagoenean”. Askotan entzuten zuten, baina ordukoan “zerbait jartzerik nahi al duzu?” errepikatu zuenean, Juliak ezetz erantzun zion. “Eskerrik asko, baina ez nago musiketarako” erantzun zuen ironiatsu, eta hitzoi gau galdu baten mingostasuna zerien.
Iñaki Abaituak irrigarria gertatzen zen baldartasunez lotzen zituen alkandoraren botoiak. Bistan zen egoera hartatik atera zezakeen argudioaren bila ari zela, euskarri bati heldu nahi liokeen naufragoaren pareko desesperazioaz. Logaleaz kexatu zen, eta ia gau osoa beilan eduki zuen amesgaizto zentzugabea aipatu zuen.
—Ez nuen uste zoroek amets egiten zutenik —Juliak, gorputza hutsik bezala, lurrean hedatzen zen soinekoan kizkurtua.
Bera leiho ondora hurbildu zen, bekokia kristalaren kontra jarri eta, gela barneko argitasunetik libratuz, une hartan urdintasun leun eta hotz batez estalita zegoen Txingudiko badiari so egin zion.
—Ohean nengoen —esan zuen—. Amak hil nendila eskatzen zidan, dena prest zegoela eta mugitzeko mesedez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario