2011-04-01

95. pasartea

Goiz askotan, altxatzerakoan ikusten zuen lehenbiziko gauza haren aurpegia izan ohi zen. Gau-mahaiko lanpararen argi zimelean, zigarroa ezpainetan zintzilik eta begiak kearen eraginez erdi itxita, bazirudien betidanik egon zi­tzaiola so.
Bere gelan egokitu zuen, haren militantziari zion begiruneagatik ez ezik, egonaldia laburra izango zelakoan —bizpahiru egun gehienez, esan zion Albertok—, eta bide batez, berak salako sofa gainean lo egingo zuenez, goizetan irteterakoan ahalik eta gutxien molestatzeko.
Egun haietan sortu zitzaion bere izateko moduari hain gaizki zetorkion ordena eta sistematizaziorako ardura. Gerora, Ortiz de Zarateren presentziaz libratu ondoren ere, ez zuen erabat ahaztuko. Adibidez, gauero, oheratu aurretik, biharamunerako jantziak prestatzen zituen, eta, aukera egokia ziurtatzeko, eguraldiaren partea arreta handiz jarraitzera ohitu zen. Batzuetan, neurri guztiak hartu arren, gelan sartu beharra izaten zuen, bezperan ahazturiko zerbaiten bila.
Halakoetan, ilunean mugitzen zen, misteriotsuki ugarituak ziruditen altzarien artean haztaka, katu baten isiltasunaz, baina segundo batzuen buruan gau-mahaiko argia piztu ohi zen —”ibil hadi lasai” esaten zion hark, ahots aspertuz— eta, ezinbestean, lapurretan harrapatu zutela sentitzen zuen.
Ez zuen itzuli beharrik izaten Ortiz de Zarate, ohean eserita, tabako paketearen bila ari zela jakiteko. Bazekien esku artean igurtziz zigarroa harrotzen zuela, eta hedatuko zuen kirats mingotsa ez hartzearren, arnasari eusten zion, aire faltaren larritasuna sentitzen zuen arte. Orduan, komodatik itzuli eta, beso gurutzaturik irribarretsu ikusten zuenean, bere urduritasunaz jabeturik zegoela iruditzen zitzaion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario