2011-04-03

62. pasartea

Mesfidantzak eraman zuen, beraz, maltzurki “Araba oso ondo ezagutzen dut” esatera. Ez zen egia, baina esatera beharturik sentitu zen. Ortiz de Zarate mostradore gainean makurtuta zegoen, eta trago batez hustu zuen kopa “bueno, ondoko herri txiki batekoa” aitortu baino lehen, baina ez zuen izenik aipatu, Iñaki Abaituak, maltzurki, Araba oso ondo ezagutzen zuela esanez derrigortu nahi izan zuenean ere.
Momentu hartan moto baten hots burrunbatsua airean hedatu zelako, beharbada. Aldapa igotzeko eragozpenak zituen hil-furgoi baten eztandak ziren. Zaharra zen, baina haren zutabe barrokoak —beltz eta urre-koloreak, sostengatzen zuten kupula bezala— ornamentu bihurriz osatuak, dotoreak eta solemneak ziren, karga gisa zeraman sukaldeko mahai formikazkoarekin konparatuz batez ere. Besteak baino bortitzagoa izan zen azken astindu bat eman ondoren, tabernako ate aurrean geratu zen, ke laino lodi batez inguratua. Gidariak bere etsipena azaldu zuen kapela alboko eserlekuaren kontra jaurtiz, eta, besagainak altxatuz, ezintasun keinu bat egin zien.
Isiltasuna egin zen gero, karilon baten nota zorrotzak, atmosfera hezea urratuz, areagotu zuena. Tregoa baten seinalea zirudien, jarraian bide eske entzungo zen klaxon zarataren aitzindari. Ortiz de Zarate, hatz batez eskuturra seinalatu zuenean Iñaki Abaituak alde egiteko asmoa adierazten ari zitzaiola interpretatu bazuen ere, ez zen mugitu. Hormaren kontra bermatu zen “muga pasatu behar dut” esaterakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario