2011-04-03

44. pasartea

Maitasunaz hitz egin zuen lehen aldia izan zen hura, eta ez zuen inoiz berriro halakorik egingo.
—Bihotzez maite zaitut —esan zion ahots hari batez, “te quiero con toda el alma”.
Eta Iñaki Abaituari miresgarria iruditu zitzaion esaldia. Bere anakronikotasun nabarmenean, hitz berri eta exotikoenak bezala, bere esanahi gardena, bere indar kutsadurarik gabea gordetzen zuela sentitzen zuen. “Te quiero con toda el alma”.
Berak ez zuen deus esan. Bi eskuak belaunburuetan bermatuz altxatuko zela erabaki zuen. Gero, pare bat pauso eman ondoren, bueltatu gabe, alde egin beharra aipatu zuen.
“Mugimendu oro entseiatzen duk” esan zuen bere baitan, perpausaren zentzuak ihes egingo bailion, eta, eskuak belaunburuetan ezarriz altxatu zenean, gorputzaren zama eramanezina zitzaiola zirudien.
—Ergela naiz, ergel hutsa, ezta?
Bueltatu zenean begiak handituta eta gorri-gorri ikusi zizkion. Sudur harroa ere gorritua zuen, eta ilea erabat bustia, aurpegian itsatsita.
Anem.
Ez zion galderarik egin. Bere buruari ere ez zion galdetu zergatik ote ziren malko haiek, zergatik bat-bateko maitasun adierazpen hura. Ez zuen lortzen adierazpen kurtsi edo irrigarri gisa kontsideratzea, nahiz eta behin eta berriz te quiero eta con toda el alma errepikatu, eta ez zuen lortuko harik eta, askoz geroago, hura guztia oroitzapen ilun bihurtu zen arte.
Susanarekikoa zen emakumeekin izan zituen harremanen artean idealizatzen saiatu ez zen bakarra. Zaila da jakiten zergatik ikusi nahi zuen atxikimendu hura edozein motatako sentimenduz gabetua, baina erabat ohiz kanpokoa zuen disziplinaz ahalegindu zen horretan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario