2011-04-04

38. pasartea

Eduardo Ortiz de Zaratek urrutitik ikusi zuen Iñaki Abaitua etortzen, beronek hauteman baino lehen agian, eta bestea ohartarazi zuen. “Ez itzuli” esan bide zion, eta kapeladuna bere ezkerraldera jiratzen hasi zen ordulariaren orratzen zentzuan, beti atzea emateko moduan. Garbi zegoen Ortiz de Zarate kapeladuna ezkutatzen ari zela, eta ez bere burua. Are gehiago, ez zuen ez ikusia egiteko interesik ere izan, begiratuari eutsi baitzion bera bi pausotara gelditu ondoren “gero arte” esan zionean.
Begirada zuzen adiera gabekoa.
Horregatik, Susanarekin afaltzekotan bazegoen ere, portaera haren zentzua jakin nahian onartu zuen Ion Igartuak arratsaldez Coll del Portelleko etxera elkarrekin joateko egin zion eskaintza, Ortiz de Zarate, bezperan bezala, han aurkituko zuen esperantzaz.
Eta han zegoen, lurrean eserita. Zango tolestuak bi beso gurutzatuekin lotzen zituen, kokotsa belaun artean gordez. Ez zion goizekoaz ezer adierazi, ordea, ez sartzerakoan, ezta geroago ere, bakarrik geratu zirenean. Ez zion portaera harrigarri hari buruz argibiderik eman. Aspaldiko ezagunak bailiran, atseginez agurtu zuen, erabat ezohikoa zuen begikotasunez, Iñaki Abaituak gerora jakingo zuenez.
“Hona hemen gure dandya” bezalako zerbait esan zion, janzkera aipatuz behintzat, trakeski bazen ere, atsegin izan nahia adierazteko moduan, eta portaera hark, bera ikusteaz benetan pozik baitzirudien, pentsarazi zion goizeko gertakizunari ez ote zion garrantzi handiegia eman.

No hay comentarios:

Publicar un comentario