2011-04-03

67. pasartea

Susanari han bertan itxarotea erabaki zuen, eta begiak ñarrotuz argitasunaren efektuaz interesatu zen. Nekaturik zegoen, eta nekearen eraginez beharbada, susmoa izan zuen momentu hartan abentura triste baten hasiera bizi zuela.
Gaueko trena hartzekotan egon zen, baina ez zuen hartu, hamar orduz litera gainean lo hartu ezinik egon beharko zukeela pentsatze hutsak nahigabetu egiten zuelako. Horregatik, Susanaren BMW berde goroldiokara begiztatu zuenean, galtzada erdira irten eta gelditzeko seinalea egin zion. Ez zeraman larruzko berokirik, beroegi zegoen horretarako. Berriz ere, bere kezka eta burutazioak zenbateraino ziren zentzugabeak pentsatu zuen.
Sastre traje gris bat zeraman soinean, diskretua, baina hala ere sobera nabarmena iruditu zitzaion Coll del Portelleko etxean aurki zezakeen girorako.
Hurbiltzen zitzaion eran, titi lodiegiak zituela egiztatu zuen, eta oroitzapen bat etorri zitzaion burura, Susana gerrian zangalatrau jartzen zitzaionean, bi esku laburrez ferekatzen eta mihi luzeaz goseti miazkatzen zizkionekoa.
Si lo sé, me traigo el land rover.
Burua astinduz, flekiloa erdibitu zuen eta oin puntetan, irribarretsu muxin eginez, ezpainak eskaini zizkion. Gogora ez zetorkion animalia baten muturtxoa zuen.
—Banekien hori esango zenuela.
Iheskor laztandu zuen “sabía que lo ibas a decir” esan ondoren, eta Susanak ea zer zekien galdetu zion, bere buruaz hitz egitearen atsegina ezkutatu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario