2011-04-04

13. pasartea

“Pompa mortis magis terret quam mors ipsa”, bota zuen, latinkada erabiltzeagatik trufa egingo ziotela jakin arren, irain bat bezala. Haserre, Julia besteen iritziarekin bat zetorrelako. Eta hura ere, hurbil zekion eskatzeko ohi bezala lurretik besoak luzatuz, barrez ikusi zuenean esaldiaren iturburuaz galdezka —”Norena da? Zenbat dakizun eder horrek, norena da?” esaten zion maltzur—, alde egiteko asmoa agertu zion eskua airean astinduz, uxatu nahi lituzkeen euli nekosoak bailiran hitzak.
—Banoa —eta pausa baten ondoren, “hemendik” erantsi zuen, baina ez zen mugitu. Beharbada, Ion Igartuak, alde egitekoa aipatzen zuen lehenarekin egin ohi zuenez, “gaua luzea da, eta bizia laburra” oroitaraziz eragotziko ziolakoan.
Ion Igartua isilik geratu zen, ordea. Denek errespetatu zioten erabakia, eta hurrengo isilunea, parrokiako kanpai hotsek azpimarratua, erabatekoa gertatu zen. Sala zeharkatu zuenean gora begira zeuden, soinu goibel hura airean zintzilik legokeen zerbait balitz bezala, atzemanezin.
Jadanik kaleko atean, Julia bere atzean sumatu zuen. Hitz bat desiratuko zukeen, eskakizun baten aierua, geratu ahal izateko, baina hark “kontuz bidean” besterik ez zion esan, iritziz aldaraztea ezinezkoa iruditzen zitzaiolako seguruenez.
“Kontuz bidean” esan zion Juliak, eta berak ez zuen jakin ulertzen hori esatean maitekor eta goibel begiratzen zioten begi hezeek egiten zioten gonbita. Jaka janzteko aitzakiaz, atalaurrean luzatu zen hala ere. Handik Abel Osaren jardun monotonoa entzuten zuen eta, zertaz ari zen ezin jaso bazezakeen ere, zeinu nabarmen bat egin zion Juliari, hark nazkatu egiten zuela adierazteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario