2011-04-04

18. pasartea

Une bakan batzuetan baizik ez dugu bizi izaten denbora segida etengabea balitz bezala, dio Butorrek. Eta Claude Simonek, Güell parkeko mosaikoen desordena magikoa gogoan, “memoria plater hautsi bat da”, esan zuen. Ez du zentzurik platera apainduren marrazkia osatuz kolatzeko ahaleginak, beti faltako baita birmoldaketa ezinezkoa edo desitxurosoa egingo duen esmalte zatiren bat.
Eragozpen bera du memoriaren apurrak kronologikoki ordenatu nahian ahalegintzen den idazleak, besterik ezean, haren zuloak fantasiaz disimulatzera beharturik baitago, eginkizun horrek kontraesanean erortzeko dakartzan arrisku guztiekin.
Ez da hori, noski, testuetan oroimen-hutsei zor zaizkien zati egokitu gabeak, hariaren etendurak eta korapilo zirtzilak atzematea ofiziotzat hartu dutenen iritzia. Espazio-denboren kontraesanetan oztopaturiko idazlea kausitzea baita kritikoak izan dezakeen ohorerik handiena. Horixe du idazlearen ospea, neurri batean, bere egiteko bidea.
Hor dago, kritikarien artean ohoretsu, Dideroten Le neveu de Rameau zoragarrian, egileak Rameau beraren heriotza aipatu ondoren, orri batzuk geroago pertsonaia hori Parisko bulebarretan paseoan —eta bizirik, noski— ageri dela atzeman zuena, baita beste asko ere, antzeko zirtzilkeria baten meritua dutenak eta, mendekuz, hemen aipatuko ez direnak.
Egiaren mesedetan, esan beharra dago, halaber, idazle asko direla kronologiaren morroi, eta, denboraren hariari jarraituz, oroimenaren hutsune ezinbestekoak zehaztapen asmatutakoz betetzen saiatzen direla. Uste bide dute gainera, zenbat eta zehaztapen gehiago eta aberatsagoak eman, hainbat eta hobeto estalpetzen dutela desmemoriaren zulo zuria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario