2011-04-03

73. pasartea

Atezainak, diskrezioari komeniko zitzaiokeen eran, esatekorik ez zuela argitu beharrean —ez baitzuen deus ikusi edo entzun—, ezin zuela esaten baitzuen, konfidentzialki beti ere; ez zuela hitz egiteko baimenik, alegia.
Zekien hutsa ezin hobeto administratzen zuen, kazetariak, merezi duten bezala, maisutasunez erabiliz. Poliziakoei atea zabaldu zienean, lurrean, salako mahai ondoan, folio zuri zimurtu bat zegoela esan zuen, eta begiratu ondoren mahai gainean utzi zutela, eta amak, handik bi ordura agertu zenean, begiratu gabe sartu zuela eskuko poltsan. Liburu batzuk ere hartu omen zituen amak, apalak ongi miatu ondoren aukeratuta, eta laguntza eskertu omen zion, eskua ematean zati txikietan tolestaturiko bileteak eskupean pasatzen zizkiola. Jakin nahi zuenak bazekien gauzak nola egiten ziren.
Beraz, agurtzean eskupekorik pasatzen ez zionarentzat ez zuen esateko handirik. Ez ziola ezer berezirik nabaritu, arratsaldeko zortziak inguruan, traje ilunez eta gorbataz jantzita, bestearekin batera etxetik irten zenean. Pozik zirudiela, ez behintzat bere buruaz beste egitera doan norbait imajinatuko lukeen bezala. Egunero legez agurtu zuela, edukazioz alegia, eta Ortiz de Zarateri zion gorrotoa ordaintzeko aukeraz profitatuz —atezain guztiek bezala, etxeari legokiokeen kategoriarik gabekoak iruditzen zitzaizkion bisitari guztiak zituen gorroto—, besteak ez zuela agurtu, ez zuela inoiz ere agurtzen esan zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario