2011-04-03

51. pasartea

Beti norbaitek eraman eta ekartzen duela esaten dio, edo bestela taxia erabiliz moldatzen dela, eta horrela, noski, ez dagoela hiria ezagutzeko modurik. Beranduegi da bere hitzek adieraz dezaketen handikeriaz konturatzen denerako. Lehenbizi Presidenten bizi dela esan, eta gero, hori gutxi balitz, taxiarena, eta erabili duen adierazpide petrala batez ere, “funciono en taxi” esan baitu, “funciono en taxi y no me entero por dónde ando”.
Ihes egin nahi luke handik. Baina, besteak beste, neska hari bost izarreko hotelean zergatik dagoen esplikatu nahiak dauka aulkian iltzatuta: hoteleko fakturak errazenak direlako justifikatzen; eta berek, kutxakoek alegia, erakundearen ospea behar bezala gordetzeko emandako hotel zerrendan zegoen Presidente zoritxarrekoa. Ritz, berriz, ez zegoen, prezioz antzeko samarra izan arren. Nolanahi ere, tentsioaren presioa sentitzen du garondoan, eta urduritasunaren izerdi hotz likina.
Hasta que no te coges un plano en una ciudad un poco grande, no te enteras —esan dio neskak, bere ahalkeaz konturaturik, lagundu nahian edo—. Eso es lo que pasa.
Sí, eso es lo que pasa.
Gainera, ezin du gogotik kendu une batetik bestera Susana ager daitekeela. Bere larruzko beroki nabarmenarekin, “¡Dios mío, a qué sitios me traes!” edo antzeko txepelkeriaren bat esaka, “¡Cielo santo!” beharbada, eta pentsatze hutsak eragiten dion ezinegonaz, altxatu egiten da, bi eskuez gorbataren korapiloari helduta, agertuko denean, hitz egiteko betarik eman gabe, besotik hartu eta berriro ere kanpora irteteko prest.

No hay comentarios:

Publicar un comentario